Idoia Santamaríak irabazi du 2026ko (H)ilbeltza beka
Friedrich Dürrenmatt idazlearen 'Das Versprechen' eleberria euskaratuko du.
Idoia Santamaría Urkaregik itzuliko du euskarara Friedrich Dürrenmatt-en Das versprechen nobela, (H)ilbeltza bekarekin. Baztango Udalak eta (H)ilbeltza elkarteak Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin sortu zuten beka hau, euskal literatura beltza hedatzeko eta munduko literatura beltza euskaratzeko. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko du itzulpena, 2027ko abenduan, eta 2028ko urtarrilean aurkeztuko dute lana, (H)ilbeltza ekimenean.
Epaimahaia Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Amaia Apalauza aurreko irabazle eta (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute. Itzulgaiaren erregistroa eta Durrenmatten estilo berezia egoki euskaratu dituela iritzi diote epaimahaikideek, joskerari arreta berezia jarri diola argudiatuta. Era berean, uste dute itzultzaileak asmatu egin duela alemanetik itzultzerakoan hizkera neutroa bezain zehatza erabiltzen.
Dürrenmatten bigarren itzulpena izango du Santamaríak Das versprechen liburua; izan ere, 2018an argitaratu zuten Literatura Unibertsaleko bildumaren barruan egile beraren Epailea eta haren borreroa, EIZIEk antolatutako itzulpen-lehiaketa irabazi ostean.


