Argitaletxe berri bat: Pasazaite liburuak

2012 Uztaila 10
Argitaletxe berri bat: Pasazaite liburuak

Iaz sortu zen Pasazaite argitaletxea , eta egunotan kaleratu dute estreinako liburua: Andrej Longo-ren Hamar, Josu Zabaletak itzulia.

Honela deskribatzen dute Pasazaitekoek beren argitaletxea:

"Gure liburuak inportatuak dira, mendietan zehar datozkigu artzainen baten bizkar-zorroan, itsasoz arrantzontziren baten sotoan, autobidez bidesarien ordaintokiak hozkailu-barruan sarturik igarota.

Gure mugako kabinan jasotzen ditugu, eta handik igortzen dizkizuegu zuei."

Proiektuaren zutabe nagusien artean, itzultzailea paratzen dute:

" (...) Pasazaiteko liburuetan itzultzailea ez baita kredituetan agertzen den izen bat soilik, merezi duen garrantzia eman nahi baitiogu, leku berezi bat eman nahi baitiogu gure web orrian eta presentzia eraginkorra Pasazaiteren jardueretan."

Ostegun honetan izango dira liburuaren aurkezpena eta argitaletxearen inaugurazio-ekitaldia, Donostiako Amara Zaharrean dagoen Kaxilda liburudenda-jatetxean, 19.30etan.