Vitoria-Gasteiz itzulpen-sarietarako deialdia argitaratu du Gasteizko Udalak

2020 Ekaina 11
Vitoria-Gasteiz itzulpen-sarietarako deialdia argitaratu du Gasteizko Udalak

Haur eta Gazte Literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik onenak sarituko dira.


Vitoria-Gasteiz Sarietarako deialdia argitaratu du 2020ko ekainaren 10eko ALHAOn (Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala).

Sari bana emango da, bi sail hauetan:

  • Haur literatura (6-12 urte), diploma eta 9.000 euro.
  • Gazte literatura (13-18 urte), diploma eta 9.000 euro.

Nahi adina lan aurkeztu ahal izango dituzte itzultzaileek modalitate batean zein bestean. 2019ko lege-gordailua izan behar du.

Eskabideak aurkeztea

Eskabide-eredu bakarrean ageri diren datuak bete beharko dira, orri hori izenpetu eta gutunazal batean sartu. Horrekin batera, aurkeztutako liburuen eta horien jatorrizkoen ale bana aurkeztu beharko da. Jatorrizko hizkuntzatik itzuli ez bada, bitarteko hizkuntzako bertsioaren ale bat ere erantsi beharko da. Adierazi beharko dute zein sailetara (haurrena edo gazteena) aurkezten duten lan bakoitza.

Aurkezteko eta izapideak egiteko epea

2020ko uztailaren 10ean amaituko da epea.

Dokumentuak

Dokumentazioa helarazteko bideak

  1. Honako helbidera bidali behar da dokumentazioa, postetxean ziurtaturik (gutun ziurtatua): Gasteizko Udala. Euskara Zerbitzua. Teodoro Doublang margolaria, 25. 01008 Gasteiz
  2. Aurrez aurre ere aurkez daiteke, udal bulegoetan (edozein gizarte-etxetan edo Teodoro Dublang kaleko bulegoetan). Osasun-arrazoiak direla eta, hitzordua eskatu behar da.
  3. Telematikoki aurkeztu nahi izanez gero, Egoitza elektronikoa ere erabil daiteke (gehienez 10MBeko artxiboak).

Bete beharreko baldintzak

a) Edozein hizkuntzatatik euskarara egindako HGLren alorreko itzulpenak izan daitezke lehiatzaile.

b) Itzulpena egin eta argitaratzeko eskatzen diren lege-betekizun guztiak beteak izan beharko dituzte lehiaketara aurkezten diren lanek.

c) 2019. urtekoa izan beharko da lege-gordailua.

d) 2020ko deialdi honetara ezingo dira sail bereko lehiaketara aurkeztu 2018an edo 2019an sail horretan sarituak izan ziren itzultzaileak.

e) Sari hauek bateragarriak dira bai beste erakunde batzuek ematen dituztenekin, bai liburuak itzultzeko jasotako dirulaguntzekin.

f) Ez da onartuko enpresek egindako itzulpen-lanik.


(Irudian, iazko sari banaketa, Gasteizko Udaletik ekarria).