Frantsesa > euskara mintegia - 2012
Hamahiru mintegikide bildu ginen maiatzaren 4an eta 5ean, Irungo Udal Euskaltegian, frantsesezko hainbat literatur testu itzuli eta itzulpenok komentatzeko. Mikel Garmendia Ugarte itzultzaile eta irakasleak gidatu zuen mintegia.
Testuak aldez aurretik landuta eraman zituzten mintegikideek eta, horri esker, erritmo bizi eta arin samarrean aritu ginen. Aurkezpenen ondotik, sarrera gisa, banatutako testuetan azaldutako hainbat arazo aipatu ziren (argota, y eta en anaforikoak, presente narratiboaren ordainak, interjekzioak, subjektua esplizitatzea...).
Arazo horiekin eta beste hainbatekin egin genuen topo saiorako aukeratutako testuetan (A. Kristof, R. Queneau, M. Duras, I. Némirovsky-ren testuak itzuli genituen, besteak beste).
Azkeneko partean, Persepolis komikiaren atal bat itzultzeari ekin genion eta, amaitzeko, Tiken Jah Fakoly taldearen Ils ont partagé le monde abestiaren euskarazko bertsio bat ateratzen saiatu.
Testu mota desberdinak oso, itzultzerakoan zeinek bere tratamendua eskatzen dutenak. Ondo gai interesgarriak joan ziren ateratzen mintegiak aurrera egin ahala: garai bateko hizkuntzaren forma zahar edo zaharkituen itzulpenari nola ekin, hitanoa, euskalkietako ekarpenak, eta abar.
Bide interesgarria eta emankorra honelako mintegiona, esperientziak, baliabideak, arazoei emandako soluzioak, gogoeta teorikoak... elkar trukatzeko.
Ikastaroan irakasleak banaturiko baliabideak dituzue hemen.