Karlos Zabala eta Octavio Paz, Euskadi sarietan

2005 Abendua 9
Karlos Zabala eta Octavio Paz, Euskadi sarietan

Euskadi sarien banaketa ekitaldia egin zen joan zen azaroaren 29an, Gasteizen, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Miren Azkarate Kultura sailburua ekitaldiaren buru zirela. ETB1ek osorik eskaini zuen saioa, bi ordu geroago, baina.

Karlos Zabala EIZIEko kideak jaso zuen 2005eko Itzulpenaren Euskadi Saria, E. Zolaren Le ventre de Paris nobela euskaraz oso era landuan emateagatik.

Garaikurra jaso zuenean, poza eta esker ona agertu zituen lehendabizi. Ondoren, itzulpengintzari buruz Octavio Pazen bi aipu irakurri zituen, Zabalak berak itzuliak. Lehenengoan, haurrak ama hizkuntzaz jabetzeko egiten duen ahaleginarekin alderatzen du Pazek itzulpengintza:

"Hizketan ikastea itzultzen ikastea da; umeak horrelako edo halako hitzak ea zer esan nahi duen amari galdetzen dionean, ezagutzen ez duen berba hori bere mintzairara itzultzeko eskatzen dio, ez besterik. Alde horretatik, hizkuntza baten barruan egiten den itzulpena eta bi hizkuntzaren artean egiten dena oso antzekoak dira funtsean, eta haurraren esperientzia herri ororen historian errepikatzen da: triburik apartatuenak ere aurre egin behar izaten dio noiz edo noiz atzerriko hizkuntza bati".

Bigarrenean, bi hizkuntzen arteko zubi lanaz dihardu:

"...itzulpenak, alde batetik, hizkuntzen arteko diferentziak ezabatu egiten ditu, eta, beste batetik, nabarmendu egiten ditu diferentzia horiek... ...Mutur batean mundua heterogeneotasun sorta bat bezala azaltzen zaigu; eta, beste muturrean, gainjarritako testu pila bat bezala, bakoitza pixka bat aldentzen delarik aurrekotik: mundua, ikusmolde horretatik, itzulpenen itzulpenen itzulpenek osatzen dute".

Traducción: literatura y literalidad liburuan idatzita utzi zituen hitz horiek O. Pazek.