Literatura Unibertsaleko beste bi autore euskaraz

2005 Abendua 14
Literatura Unibertsaleko beste bi autore euskaraz

Txomin Arratibel eta Xabier Payá itzultzaile eta EIZIEko kideek liburu bana euskaratu dute Literatura Unibertsala bildumarako: Sargazo itsaso zabala eta Desio izeneko tranbia , hurrenez hurren.

Argitalpen berriok abenduaren 15ean aurkeztuko dira jendaurrean, Donostian, eguerdian 12:30ean. Aurkezpen ekitaldia irekia izango da joan nahi duen guztiarentzat, eta Udal Liburutegiko sotoan egingo da (San Jeronimo kalean). Parte hartuko dute:

Txomin Arratibel itzultzailea
Xabier Payá itzultzailea
Eusko Jaurlaritzako Igone Etxebarria, Euskara Sustatzeko zuzendaria
EIZIE elkarteko lehendakari Joseba Ossa
Alberdania argitaletxeko arduradun Inazio Mujika
Elkar argitaletxeko arduradun Xabier Mendiguren

Literatura Unibertsala izeneko bilduman hainbat liburu argitaratzen dira urtero, EIZIEren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren hitzarmenari esker. Bildumako 114 eta 115. aleak izango dira Arratibelen eta Payáren itzulpenak, eta, azken urteetan ohi denez, Alberdania eta Elkar etxeek, ediziorako bat hartuta, kaleratu dituzte liburuok.

Autoreak eta obrak

Jean Rhys (1890-1979) idazle dominikarrak 1966an argitaratu zuen Wide Sargasso Sea nobela. Erresuma Batuan bizi zen ordurako, baina bere jatorria eta haurtzaroko bizimodua oso ondo islatu zituen obra horretan. Arrakasta handia izan zuen.

Tennesse Williams (1911-1983) antzerkigile estatubatuarrak 1947an estreinatu zuen A Streetcar Named Desire antzezlana. Entzute handiko autorea izan zen, eta oso ondo deskribatu zuen gizarte estatubatuarraren mentalitate itxia eta zapalkuntza sexuala.