Felix Ugarte XIV Itzulpen-Lehiaketa
EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzaren Kultur Hedakuntzak sustaturik, unibertsitatean ikasten ari diren ikasleei zuzendutako itzulpen lehiaketa antolatu da aurten ere. Aurtengo edizioa hamalaugarrena du eta beraz esan daiteke dagoeneko klasiko bihurtu dela itzulpen lehiaketa hau gure artean.
Lehiaketa hau EHUko Filologia, Geografia eta Historia Fakultateko irakasle eta ikerlaria izan zen Felix Ugarteren omenez antolatzen da eta ikasleek epaimahaiak aukeratutako testua euskarara itzuli beharko dute.
Epaimahaiak aurtengo ediziorako aukeratu duen lagina J.S. Holmesen The Name and Nature of Translation Studies delako testua izan da. 1972. urtean Holmesek Kopenhagen aurkeztu zuen lan hau baitezpadakoa da Itzulpen Ikasketa Deskriptiboen sorrera eta garapena ezagutzeko, bertan zehazturik utzi baitzuen aurreneko aldiz Itzulpen Ikasketak izenarekin bataiatu zuen diziplinaren mapa.
Horregatik uste dugu berebiziko garrantzia duela testu hau euskaraz ere irakurtzeko aukera izateak.
Lana itzuli eta saria irabazten duenak 800 euro eskuratuko ditu. Sari nagusiaz gain, beste bi sari ere banatu ahalko dira, bakoitza 300 eurokoa.
Jatorrizko testua bai eta lehiaketako oinarriak ere web gune honetan daude: Kultur Hedakuntzarako Zerbitzua
Azkenik, gogoan izan lanak entregatzeko epea maiatzaren 19an bukatuko dela.