Itzulpen lehiaketa 2004 - Literatura Unibertsala

2004 Maiatza 21
Itzulpen lehiaketa 2004 - Literatura Unibertsala

EIZIEk Literatura Unibertsala bildumarako itzulpen lehiaketaren deialdia zabaldu du. Aurten, 36 idazleren obra zerrenda bat hautatu du. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 24an amaituko da. Ikus hemen oinarriak eta itzulgaien zerrenda

Parte hartzeko baldintzak

Parte hartzeko baldintzak

Lehiatzaile orok obra baterako edo gehiagotarako itzulpen-proiektuak aurkezten ahalko ditu, bakoitzari bere lema eta gutunazal itxia erantsiz (ikus itzulgaien zerrenda).

Aurkeztu beharrekoak

10 orrialdeko lagina aurkeztu behar da euskaraz, lau kopiatan eta orri zenbakituetan. Besterik aipatzen ez denean, liburuaren -ez hitzaurrearen- hasierako orriak itzuli behar dira (12 tamainako letra, lerro arteko espazioa 1,5).

Itzulpena egiteko erabilitako jatorrizko liburuaren fotokopiak (10 orrialdeko laginari dagozkienak), lau kopiatan, eta bibliografi fitxa (jatorrizko titulua, edizioa, urtea, eta abar). Jatorrizko testua Internet saretik jasoa baldin bada, helbide zehatza adierazi behar da.

Itzulpen proiektu bakoitzak ezizena eramango du. Aparteko gutunazal itxi batean itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, sinadura eta nortasun agiriaren fotokopia emango dira, kanpoaldean itzulgaiaren titulua eta itzultzailearen lema edo ezizena adieraziz.

Itzulpen-proiektua postaz bidali nahi izanez gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi behar da gutunazalean.

Adjudikaziorako epaimahaia

Itzulgaiak nori esleitu, horretarako eratuko den epaimahai batek erabakiko du eta honela osatuko da: Eusko Jaurlaritzak izendaturiko itzulpen-munduko aditu bat, itzulpenen argitalpenak egingo duen argitaletxeak proposaturikoa, eta EIZIE elkarteak izendaturikoa. EIZIE elkarteak idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.