Santi Leonek irabazi du 24. Jokin Zaitegi sariketa
Santi Leone iruñearrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek, Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa ; halaxe erabaki du Koro Navarro, Fernando Rey eta Karlos Zabala itzultzaileek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko 38 lanen artean. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Mario Vargas Llosa idazle peruarraren Pantaleón y las visitadoras eleberria euskaratu beharko du Leonek, eta 2011 honetako amaiera baino lehen emango du argitara Elkar argitaletxeak.
2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk, Kutxaren laguntzaz, Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi beka hau, eta geroztik hauexek izan dira sari horri esker itzuli diren liburuak:
- 2002 Imre Kertesz: Zoririk ez. Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea
- 2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna. Itzultzailea: Oskar Arana
- 2004 Elfriede Jelinek. Itzulpen saria hutsik utzi zen
- 2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk. Itzultzailea: Iñigo Errasti
- 2006 Orhan Pamuk: Elurra. Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey
- 2007 Doris Lessing: Belarra kantari. Itzultzailea: Koro Navarro
- 2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua. Itzultzailea: Luis Berrizbeitia
- 2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka. Itzultzailea: Ibon Uribarri
Santi Leone Puncel (Iruñea, 1972) Historian doktorea da, historialari lanak egin ditu, zutabeak ere idazten ditu euskal prentsan eta irakaslea da Hizkuntza Eskolan. Idatzi dituen liburuak: Los lugares de la memoria en Navarra, Euskal Herri imajinario baten alde, Euskal Herria XIX. mendeko bidaia liburuetan.