400.000 euro

2004 Abendua 9
400.000 euro

Laurehun mila eurorekin, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 20.000 liburutik gora eros litzake gure liburutegi publikoetarako, adibidez; edo, esan dezagun, Belgika, Errumania edo beste hainbat herritako literatura lanik garrantzitsuenak itzularaz litzake, 50 obra handi inguru osatu arte.

Diru kopuru horrekin, dexente antzerki-saio egin litezke Euskal Herri osoan urte betean; edo, EIZIEren proposamena onartu balu, Literatura Unibertsala bilduma 100. alera iritsi izanaren ospakizun gisa, zenbaki horretako Hamlet euskaratu berria duintasun eta distira handiz taularatu ahal izango zen.

Laurehun mila euro edo, berdin dena, 64 milioi pezetarekin, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak euskal herri txikietako kultura giroari bultzada ederra eman liezaioke, herri horietan arazo ekonomiko guztien gainetik lanean ari diren ehunka edo milaka talde eta elkarteentzako diru laguntzak banatuz.

Dirutza horrekin, gure Kultura Sailak enbaxada kultural interesgarri bat bidal zezakeen, esaterako, Liejara edo Bukarestera, gure herriaren berri hango plazetan zabaltzeko; erakustoki moduko bana ipin lezake hiri horietan, gure gastronomia, artea, geografia, eskultura, literatura, pintura eta beste makina bat gauza gehiago hango biztanleei ezagutzera emateko. Hitzarmenak egin litzake hiri horietako museorik garrantzitsuenekin, hango eta hemengo obrarik interesgarrienen elkartruke bat egiteko.

Baina, bai zera! Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak Bilboko Athletic futbol talde pobreari emango dizkio 400.000 euro horiek, Belgikan (Liejan) eta Errumanian (Bukaresten) jokatu behar dituzten bi partidetan, Euskadi izena eraman dezan elastiko zuri-gorriaren gainean.

Gaitza, ordea, aspaldikoa da: gure instituzio politiko guztiek dirua erraz asko banatzen diete hemengo futbol edo saskibaloi talde milioidunei, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa edo auskalo zeren ustezko propaganda egitearen truke: itxurakeria baino ez. Zeren, barkatu jaun-andreok: Liejan edo Bukaresten, zenbat futbol ikuslek jakingo du zer esan nahi duen ikusi ere nekez ikusiko duten «Euskadi» horrek? Ezta harri-jasotzaile bat eramanez ere, partidu hasieran 300 kg-ko harria 20 aldiz altxatzeko!


Koldo Biguri
Artikulu hau Diario de Noticias de Álava egunkarian agertu zen 2004ko abenduaren 1ean