Literatur itzulpena hedabideetan

2006 Martxoa 3
Literatur itzulpena hedabideetan

Izen hori dauka EIZIEk 2000. urtean abian jarri zuen egitasmoak. Euskal Herriko zenbait hedabidetara bidalitako iruzkin kritikoekin osatu izan da euskarara itzulitako literatur lanen inguruko berri ematea. Iaz, esate baterako, 36 kritika, iruzkin edo erreseina atera ziren, CEDROren laguntzari esker, programa honen bidez.

EIZIEren webgunean bertan jasota daude orain arteko kritika guztiak, Literatur itzulpena hedabideetan izeneko atalean gehienak.

Orain arte honako lau agerkari hauetan plazaratu izan dira kritika lanok: Berria egunkarian, Deiaren "Ortzadar" gehigarrian, Zabalik astekarian eta Nafarroako Diario de Noticias egunkarian. Karlos del Olmo, Manu Lopez, Mikel Garmendia, Inma Errea eta Ander Irizar dira iruzkingileak.

Aurten zer

EIZIEren manupetik kanpo geratzen diren arrazoiengatik, oraingoz ezingo dugu jarraitu iruzkinak argitaratzen Berria egunkarian eta Zabalik astekarian. Edozelan ere, eta otsailean egindako urteko Batzar Nagusian hala onartu baitzen, elkarteak egitasmo hau sustatzen jarraituko du.

Beste hedabide batzuetan plaza lortu bitartean, hemendik aurrera gure albistegian argitaratzen hasiko gara Karlos del Olmo eta Mikel Garmendiaren kritikak, hileko lehen astelehenarekin bateratsu.

Literatura Unibertsaleko iruzkinak

Programa honen barruan, EIZIEk bultzatzen duen Literatura Unibertsaleko itzulpenei ere egiten zaizkie iruzkinak. Iruzkin horiek, baina, Literatura Unibertsala bilduma. Iruzkinak izeneko txokoan daude jarrita.

Bilduma honi buruz EIZIEren programatik kanpo egin izan diren beste hainbat iruzkin ere jasota daude hor, asko eta asko susa-literatura atarikoak dira.