Iker Sancho, Zaitegi sariaren irabazle
Iker Sancho lazkaotarrak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Arrasateko Udalaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa. Halaxe erabaki du Ainhoa Ayerbe Zabaletak, Jose Inazio Basterretxeak eta Roberto Serranok osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko hamabost lanen artean (horietatik erdiak errusieratik zuzenean aritu dira).
Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren kronika liburu bat (Gerrak ez dauka emakume aurpegirik) euskaratu beharko du itzultzaileak urtea bukatzerako, eta 2017 urte hasieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.