Euskara Batuaren Eskuliburuaren (EBE) aurkezpena - 2019

Irailaren 24an eta 26an, EIZIEk eta Euskaltzaindiak lankidetzan antolaturik, EBEri buruzko saio praktiko bana eskaini zuen Andres Alberdik, Donostian eta Bilbon, hurrenez hurren.

EBE.jpg

Saioek ordu eta erdi iraun zuten, eta jende ugari bildu zen, itzultzaileak eta irakasleak gehienbat.

Alberdik azaldu zuenez, Euskaltzaindiaren eskariz 2010etik 2014ra bitartean egindako lanaren emaitza da eskuliburua, eta sarean zein paperean kontsultatu daiteke. 8 lagun aritu ziren EBEren lantaldean, Alberdi bera buru zela, guztiak ere testugintzan adituak.

EBEren helburu nagusia euskararen batasunaren bidean Euskaltzaindiak esandakoak erraz, azkar eta eroso kontsultatzeko bitarteko bat eskaintzea da. Hala, arauez gainera, euskara batuan aintzat hartu beharreko zenbait jarraibide ere bildu dituzte, nahiz eta, Alberdik ohartarazi zuenez, ez den estilo-liburu bat, baizik eta liburu pragmatiko bat, vademecum moduko bilduma bat.

Guztira, 1.458 sarrera bildu dituzte liburuan, fitxa moldean, eta, liburuaren gorputz nagusiaz gainera, zenbait eranskin ere ekarri dituzte liburuaren amaierara (glosarioa, puntuazio-markei buruzko eranskina, kalkoei buruzkoa…).

Alberdik EBEren bi formatuak aurkeztu zituen, sarekoa eta paperekoa, eta batean zein bestean edukiak nola bilatu azaldu zuen (koloreak, zeinu eta marken sistema…), orotariko adibideak emanez.

EBESS.jpg

Zalantzarik gabe, EBE eta Euskaltzaindiak eskaintzen dituen baliabide guztiak ezinbesteko tresnak dira itzultzaile, zuzentzaile eta orobat testugileontzat, eta, Alberdik azpimarratu zuen bezala eskuliburua patxadaz hartu eta aztertzekoa den arren, halako saioak oso lagungarriak zaizkigu eskura dauzkagun tresnak ezagutzeko.

EBEBI.jpg


2019-09-30