Aldibereko interpretazio praktikak (es-eu-es) - 2011

inter1.JPG

«Aldibereko interpretazio praktikak» ikastaroa egin zuen EIZIEk urriaren 3tik 13ra bitartean, lau saiotan, Gasteizko Letren Fakultateko interpretazio kabinetan (EHU). Jaione Arregi –lehen bi saioetan– eta Idoia Gillenea –gainerako beste bi saioetan– izan ziren irakasleak, eta 12 ikaslek parte hartu zuten.

Lehenengo saioan, aurkezpen eta metodologia azalpenen ostean, interpretazioari buruzko oinarrizko hainbat kontzeptu birpasatu zituzten, eta beste hainbat kontu aipatu: kabinako lan modua (entzungailuak, lankideari nola lagundu, zer ez egin), EU-ES-EU interpretatzerakoan sortzen diren arazoak edo nork bere kasa praktikatzeko jarraibideak, besteak beste.

inter2.JPG

Horrez gain, parte hartzaileek beren lan baldintzak azaldu zituzten, eta baldintza horiei lotutako zailtasun eta erronkak. Zailtasun horiei aurre egiteko estrategiak azaldu ziren, eta bakoitzak bere lana ebaluatzeko jarraibide eta irizpide sorta bat landu. Hain zuzen, hori zen lehen saioko xedeetariko bat, bakoitzak bere lana ebaluatzeko jarraibide eta irizpideak izatea eta hortik aurrera praktika autonomoa lantzea. Horretarako, oinarrizko bibliografia eta baliabide sorta bat banatu zituen Jaione Arregi irakasleak. Bukatzeko, EU-ES diskurtso luze samar bat interpretatu zuten ikasleek. Parte hartzaileek zituzten inpresio eta sentsazioak entzun ondoren, banakako feedbacka eman zuen irakasleak.

Bigarren saioa praktikoa izan zen guztiz. Hasteko, gai orokorreko EU-ES dirkurtso bat interpretatu zuten partaideek. Ondoren, berriz, ES-EU diskurtso teknikoago bat, pentsioei buruzkoa (hau aldez aurretik prestatzeko aukera izan zuten). Amaieran, Arregik feedbacka egin zuen eta ikasleen arteko mahai-inguru bat antolatu.

Oro har, oso biziak izan ziren bi saioak, eta parte hartzaile guztiek praktika falta nabarmendu zuten, gutxitan interpretatu behar dutelako, eta batzuetan baldintza nahiko zailetan gainera.

inter3.JPG

Hirugarren saioan, Idoia Gillenea irakasleak, sarrera orokor bat eta aurkezpenak egin ondoren, euskaratik gaztelaniarako interpretazioan sortzen diren zailtasunak ilustratzeko hainbat bideo erakutsi zituen: testu irakurriak eta esaldi luze eta katramilatsuak, hitz jokoak, gai korapilatsuak eta abar. Ondoren, ikasleek binaka jardun zuten laborategiko kabinetan, eta irakasleak ekarritako bideo sorta interpretatzeari ekin zioten.

Banan-banan egin zituzten saioak, eta denek izan zuten aukera guztien jarduna entzuteko. Jardun bakoitzaren ondoren, irakasleak feedbacka eman eta egindako lanari buruzko oharrak egin zizkion ikasle bakoitzari. Lehenengo eguneko bideoak arlo hauetakoak izan ziren: telebista, zientzia, politikagintza, sindikalgintza eta kultura oro har.

Laugarren saioan, berriz, ikasleek banaka jardun zuten. Aldez aurretik, irakasleak etxerako lan bat jarria zien: bakoitzak bere aukerako bideo bat ekarri behar zuen landuta. Hirugarren saioan ez bezala, laugarrenean ikasle guztiek bideo guztiak interpretatu zituzten. Oso saio praktikoa izan zen, eta jardun bakoitzaren ondoren, ikasleek irakaslearen oharrak eta azalpenak entzun zituzten, baita interpretazio arloko hainbat iruzkin eta aholku ere.

Azken saioa amaitu ondoren, ikasleek interpretazio praktikei eskainitako ikastaroak ugaltzeko proposamena egin zioten EIZIEri.