2012ko Batzar Nagusia egin du EIZIEk Donostian
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) Batzar Nagusia egin zuen larunbatean, martxoak 17, Donostiako Larrotxene kultur etxean . Hogeita hiru bazkide elkartu ziren, 2011ko jardueren emaitza eta 2012rako asmoen berri jakiteko.
EIZIEk urteotan garatutako lan-ildoei jarraituko die aurten ere: argitalpenak (Literatura Unibertsala bilduma, Senez aldizkaria, Langintza xeheki eta 2tzuL sare-argitalpenak, komunikabideetako itzulpen-kritikak ), prestakuntza (Puntuazioa, Frantsesa-euskara, Itzultzaileentzako informatika, Interpretazio-praktikak, Testuaren koherentzia eta kohesioa, Gaztelania xede, Idazlea itzultzailearen lantegian ), beste elkarte eta erakunde batzuekiko harremanak (Vértice itzultzaile-elkarteen sarea, CEATL, FIT ).
Jarduera horiek aurrera eramateko, bazkideen ekarpenaz gain, baditu hitzarmenak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin eta Etxepare Institutuarekin.
EIZIEk 318 bazkide ditu gaur egun, eta gehituz doaz etengabe. Bestalde, 1.000 harpidedunera iristen ari da elkarteak sarean jarritako ItzuL posta-zerrenda, non elkarri laguntzen baitiote itzultzaile eta zuzentzaileek. Elkarlana eta auzolana sendotzen eta horretarako baliabideak hobetzen segitzea da xede nagusia aurten ere. Bazkideen parte-hartzeak duen garrantzia azpimarratu zuen lehendakariak; elkartea bazkide orori zabalik den egitura dela, eta egitura hori euskal itzultzaileon lan-baldintzak eta itzulpengintzaren kalitatea sustatu nahi duen edonoren esku dela.