«Gaztelania xede» mintegia - 2009
2007an antolatu zen euskara-gaztelania literatura-itzulpenari buruzko lantegiaren ondoren, literatura-lanez kanpoko gaztelaniarako interpretazioa, itzulpena eta zuzenketa izan zituen hizpide "Gaztelania xede" mintegiak. Zortzi orduko ikastaroa izan zen, ostiral arratsalde eta larunbat goizean banatuta, azaroaren 27an eta 28an. Hamasei lagun bildu ziren Gasteizko Letren Fakultateko laborategi batean, hitzez nahiz idatziz gaztelaniaz jarri behar diren testuetan izaten diren zalantzak eta arazoak eztabaidatzeko asmoz.
Ostiral arratsaldean, Jaione Arregi EHUko interpretazio-praktiken irakasle eta Europar Batasuneko interpretea aritu zen irakasle. Europar Batasuneko interpretazio-lanaren nondik norakoak azaldu zituen lehenengo, eta interpretazio-kabinetan sartzera animatu zituen gero ikasleak. Bruselako lan-bileretako ingelesezko eta frantsesezko hitzaldi errealak landu zituen ikasleekin, eta hizkuntza horietatik gaztelaniara interpretatzean sortzen diren arazoak zuzen-zuzenean ikusi zituzten ikasleek.
Larunbat goizeko saioa bitan banatu zen: lehenengo, Ana Morales EHUko itzultzaile-interpretea eta NBEko itzultzailea aritu zen. NBEko itzulpen-zerbitzuaren funtzionamendua azaldu zuen lehendabizi. Gero, NBEk hobesten duen gaztelaniaren ezaugarriak xehatu zituen, eta ingelesetik eta frantsesetik gaztelaniara itzultzean gogoan izan beharreko ohar baliagarri ugari eman zituen. Horretarako, NBEko bi testu landu zituen ikasleekin, bata ingelesetik abiatuta eta frantsesetik abiatuta bestea.
Azkenik, larunbat goizeko bigarren saioan, euskaratik gaztelaniarako itzulpenetan eta gaztelaniaz sortutako zenbait testutan egin beharreko zuzenketei buruz aritu zen Idoia Santamaría Elhuyarko itzultzaile eta zuzentzailea. Gaztelaniazko testu-zuzenketan aintzat hartzea komeni den oinarrizko kontzeptu batzuk azaldu ondoren, testuak zuzentzeko ariketa praktikoa proposatu zien ikasleei.
Ikastaroa amaitutakoan ikasleek egin zuten balorazioa oso positiboa izan zen. Besteak beste, honako alderdiak baloratu zituzten ondoen: irakasleen prestakuntza eta ikasleekiko jarrera, nazioarteko erakundeen lan-sistemaren berri jaso izana eta ikasleen parte-hartzea bultzatu izana. Bestalde, askok adierazi zuten gaia luzeago lantzeko beharra.
EIZIEren aldetik ere, balorazioa oso positiboa da: gaztelaniara interpretatzean eta itzultzean, eta gaztelaniazko testuak zuzentzean kontuan hartu beharreko alderdiei buruzko ikuspegi orokorra eman da, eta, eskaria egonez gero, gaia lantzen jarraitzeko mintegi edo ikastaro gehiago antolatzeko prest gaude.
EIZIEk eta IZOk antolatu dute mintegia, EHUko Letren Fakultatearen laguntzaz.
Ikastaroan gomendatutako materiala: