Irailak 30, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna

2011 Iraila 29
Irailak 30, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna

Irailaren 30ean, San Jeronimo egunarekin batera, Itzultzaileen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Urtero bezala, aurten ere FITek (Itzultzaileen Nazioarteko Federakundea) itzulpengintzaren gaineko manifestu bat kaleratu du, Jiri Stejskal-ek idatzia: "Itzulpengintza: kulturen arteko zubiak eraikitzen".

EIZIE elkarteak ere guztion eskura jarri nahi izan du manifestua, moldaturik eta euskarara itzulirik:

Itzulpengintza: kulturen arteko zubiak eraikitzen

Itzulpena: Naroa Zubillaga

Irudika ezazu itzultzailerik gabeko mundu bat: nola ulertuko genuke elkar? Kontuan hartuta munduan barrena ia 7.000 hizkuntza hitz egiten direla, ezinezkoak lirateke merkataritza eta kultur hartu-emanak. Nazioetako buruzagiek ezingo lukete elkarrizketarik izan. Zientzialariek ezingo liokete elkarri beren aurkikuntzen berri eman. Liburuak irakurtzeko ezinbestekoa litzateke idazlearen hizkuntza jakitea. Eten egingo lirateke nazioarteko salerosketak. Pertsona gutxi eta jakin batzuek baino ez lukete azken orduko albisteen berri izango. Ez genuke Joko Olinpikorik izango. Larri dabiltzan nazioek ezingo lukete egoera hobea bizi dutenen laguntzarik jaso.

FIT – Itzultzaileen Nazioarteko Federakundeko kide diren elkarteetako itzultzaile, interprete eta terminologo profesionalek zubiak eraikitzen dituzte kulturen artean, eta komunikazioa errazten dute, oparotasuna eta kultur aberastasuna sortuz. Bakearen eta pertsonen arteko ulermenaren agente dira. Ezbeharrak gertatutako lekuetan nazioarteko laguntza iristea ahalbidetzen dute. Politikarien ahotsa dira, buruzagi erlijioso nahiz intelektualena; eta baita gure eguneroko bizitzan eragiten duten beste hainbat pertsonena ere. Informazioaren zaindari dira. Kultur enbaxadore dira. Ezinbestekoak dira.

Itzultzaile, interprete eta terminologoei esker, mundu osoko herriek beren kultur ondarea babes dezakete, eta, aldi berean, parte-hartzaile aktibo izan “herrixka global”ean. Kultur aniztasunari esker, mundua leku hobea baita, baina elkar ulertzea ezinbestekoa zaigu, nazioartean gatazkarik eduki nahi ez badugu eta beharrizana duenari laguntza eman nahi badiogu. Elkar ulertu behar dugu, gure arteko kultur ezberdintasunak aintzakotzat hartu nahi baditugu. Kulturen arteko zubiak eraikitzen da aurtengo lema, hala FIT erakundearen mundu mailako XIX. kongresuarena nola 2011ko Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunarena ere; eta, azken batean, baita FITeko kide diren erakunde guztien lema ere.