Alexandria
Anjel Lertxundik idatzia duenez, albiste hitzak arabierazko al-bisara berri ona hitzean du oinarri, eta gaurkoan albistea mundu arabiarretik beretik dator, baina goibela da, izan, eta zure heriotzaren berri dakar.
Hala ere, heriotzak ez zaitu ustekabean harrapatu. 89 urte betetzearekin, Herio kukuka sumatu zenuen, antza, zeren aitorpen hau egin zenuen: «Sidi Gaber-eko tren geltokian nagoela sentitzen naiz, hain zuzen ere Alexandriara heldu aurretik dagoen azkenekoan. Ohi bezala, Alexandriara uda pasatzera joaten nintzelarik, banekien ez nuela Sidi Gaber-eko geltokian jaitsi behar, hurrengoan baizik. Baina, horrekin batera, ongitxo nekien azkenaurreko geltokia izanik, maletak biltzen hasi beharra neukala, Alexandrian gelditzeko. Orain Sidi Gaber-en banengo bezala sentitzen naiz».
Hala ere, luze bizi izan zara, mende batez kasik, eta batik bat Kairoko albiste eman diguzu. Literatura jende xehearengana hurbildu nahi izan zenuen, pobreentzat liburuak eskuragarri ipiniz Al-Guriko Bibliotekan eta alfabetatugabeentzat antzerki obrak idatziz. Nobelagintzan nabarmendu zinen, baina, eta, Egiptotik apenas irten arren, zure obra mundu osora hedatu da. Partikularra unibertsala bihurtu da zurean ere eta Kairon kokatutako Mirarien kalezuloa nobela, esate baterako, Jorge Fons-ek non eta Mexiko D.F.-n filmatu zuen.
Hala ere, zure Kairo hura ez da zuk aipatzen zenuen isiltasunaren eta egiaren hiria. Kairok hamasei milioi biztanle ditu gaur egun eta milioi bakarra zuen zu jaio zinelarik. Eta hiri horrexetako kale batean zenbiltzala, integristen labankada bat jaso, eta eskuin beso-eskuak mugitu ezinik geratu zinen. Dena dela, idazteko ezintasuna gorabehera, zure lanak zure lagun eta idazle Mohamed Salmauiri diktatzen zenizkion eta astero artikulu bat argitaratu izan duzu Al-Ahram egunkarian.
Hala ere, Mendebaldean tamalez literatura arabiarrari buruzko oso interes gutxi dago, mundu horren benetako albisteak ezagutzeko, eta Nobel Saria izan ez balitz, seguruenik zure liburuak arrotzak izango ziren guretzat; mendebaldeko literaturaren aldean, ekialdekoa sentsualagoa da, begirakunearen eta zentzuen bidez datorkigu, urrintsuagoa da, izerditsuagoa, eta, horrekin batera, beste kadentzia batekin datorkigu.
Hala ere, zure obra bera debekatua izan zen bestorduz Egipton eta, seguruenik jakingo ez duzun arren, zure obren itzulpena literatur agenteak eta ezjakintasuna eta politikakeria medio galarazia izan da Euskal Herrian ere. Anjel Lertxundi honela mintzo zen itzulpena dela eta: «Euskarak oraindik izendatu ez dituen sentimendu, emozio, ikuskera, bihurgune eta bihozkada asko dago munduaren eta literaturaren bazterretan. Itzulpena dugu bide bakarra zubi egiteko: itzulpena beste giro, pertsonaia eta paisaiak geure begiokin ikusteko modua dugu, geure ahotsa ahots orokorrarekin bat egiteko modu ezinbesteko bezain joria»; eta seguruenik ez duzu jakingo, baina azkenean kalean dugu zure Mila eta bat gauen gaua nobela eta laster izango da Mirarien kalezuloa, eta hori bai al-bisara eta baraka ona.
Eta trena Alexandriara heldu da, eta orain agian egoki da zuk erabili ohi zenuen esaera erabiltzea: hitza zilarrezkoa da; isiltasuna, urrezkoa.
Artikulu hau, egilearen baimenaz argitaratu da.
2006ko abuztuaren 31n Gara egunkarian argitaratu zen.