Idazlea itzultzaileen lantegian - 2011
Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, aurten ere itzulpen lantegia antolatu du EIZIEk. Aitarekin bidaian sei hizkuntzatan. Gasteizen izango da, 2011ko irailaren 27tik 29ra, Europa Jauregian. Aurtengo edizioan, lehen aldiz antzerkia hautatu dugu genero modura, eta Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurraga autoreen obra bat ekarriko dugu lantegira, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioetan saritua: Aitarekin bidaian sei hizkuntzatan.
Itziar Otegik koordinaturik, antzerki obraren pasarte batzuk itzuli eta eztabaidatuko dituzte autoreek eta lau itzultzailek, hiru egunez. Bestalde, Julia Marinek antzerkiaren itzulpenaren berezitasunez jardungo du.
Testua aldez aurretik prestatuta ekarriko dute itzultzaileek, ohi denez, eta lantegian bakoitzaren erabakiak arrazoitzen jardungo dute. Han izango dute idazlea, bestalde, hala zalantzak argitzeko nola testuaren inguruko argibideak emateko. Horrez gain, langai dituzten hizkuntzen eta kulturen berezitasunak eta itzulpen prozesuan agertzen diren kontuak partekatzeko aukera izaten dute: ñabardurak, itzulpen zailtasunak, interpretazioak, kultur hitzen itzulpena, etab.
Aurtengo lantegi-mintegian, itzultzaile hauek parte hartuko dute:
- Diana Draper (ingelesa)
- Monika Czerny (poloniera)
- David Lindemann (alemana)
- Ainara Munt (katalana)
Amaiera ekitaldia jendaurrean
Mintegiaren azken egunean, parte hartzaileek esperientziaren berri emango dute mahai-inguru batean. Hurrena, Aitarekin bidaian antzezlanaren hainbat pasarte sei hizkuntzatan entzuteko aukera izango dugu, Jabier Muguruzak musikaz lagundurik. Ekitaldia irailaren 29an izango da, arratseko 19:00etan, Gasteizko Europa Jauregian.
Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna
Itzultzaileon eguna irailaren 30ean denez gero, ekitaldian bertan hasiko gara ospatzen, "Itzulpengintza: kulturen arteko zubiak eraikitzen" "FITen manifestua irakurriz.