Epaitegietako interpretazioari buruzko tesia aurkeztu berri da Granadako Unibertsitatean
Itzulpengintza eta Interpretazio alorrean hirugarren zikloko ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateei esker, azkeneko urteetan ikerketa interesgarriak argitaratzen ari dira gure ogibidearen inguruan.
Espainian, ikasketa hauetan aitzindaria den Granadako Unibertsitatean epaitegietan egiten den interpretazioari buruzko tesi bat aurkeztu berri du Juan Miguel Ortega irakasle eta interpreteak. Espainian gai honen gainean idatzi den lehen tesia dugu Ortegarena.
Interpreteek epaitegietan egiten duten lanaren inguruan zer nolako pertzepzioa daukaten ikertzea da Ortegaren lanaren erronka, eta erkidegoz erkidego, egoera nolakoa den aztertzen du. Ikerketa honetan 83 interpretek hartu dute parte, hauetako hainbat euskaldunak direlarik. Ateratako ondorioen arabera, estatu mailan epaitegietako interpretazioaren egoera tamalgarriak zer nolako eragin kaltegarriak izan ditzaken erakusten du tesiak. Modalitate honen egoera hobetzeko proposamen baliagarriak ere aurkezten dizkigu Ortegak bere tesian.
Ogibide honetan diharduen edozeinentzako da interesgarria aipatutako lana. Granadako Unibertsitateko liburutegiko web orrian aurkitu daiteke PDF formatuan.