Koldo Bigurik irabazi du 2020ko (H)ilbeltza beka
Massimo Carlottoren 'Arrivederci amore, ciao' euskaratuko du bekari esker.
Koldo Bigurik itzuliko du euskarara Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao nobela beltza, (H)ilbeltza Bekarekin. Baztango Udalak eta (H)ilbeltza elkarteak Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin sortu zuten beka hau, euskal literatura beltza hedatzeko eta munduko literatura beltza euskaratzeko. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko du itzulpena, 2021eko abenduan.
Epaimahaia Joseba Atondo Baztango alkateak, Josu Barambones (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko editoreak osatu dute, eta hauxe azpimarratu dute Biguriren lanaz: «Itzultzaileak jatorrizko obraren letrari eta estiloari tentuz eta zentzuz jarraitu die euskaraz baliokide bat sortzeko garaian. Ahalegin horretan bereziki nabarmentzekoa da elkarrizketen bizitasuna, italierazko obran erabiltzen den lagunarteko erregistroa imitatu nahian. Ildo horretan, itzultzaileak egin hautaketa lexikoa lagungarri gertatzen da. Orobat, joskeraren errazari esker, testuak ederki korritzen du, eta irakurleek eroso irakurriko dute.»
Zorionak, Koldo!