Ortotipografia (eta beste) - 2016

Dozena bat lagun elkartu ginen otsaileko azken astean Bilboko Euskararen Etxean ortotipografiaren zoko-mokoetan sartu-irten batzuk egiteko.

orto16_2.JPG

Ortotipografiara nondik nora iritsi garen ikusi genuen, hasteko, eta zergatik behar dugun ere bai. Hizkuntzaren mamia ez dago ortotipografian, baina mami hori baliatu behar da ortotipografia hizkuntza bakoitzaren ezaugarrietara moldatzeko.

Ortotipografia konparatuko ibilaldi bat egin genuen, bai euskararen barnean (ez baitago eredu bakarra euskararen barnean, eredu sektorialek ere garrantzia baitute), bai euskaratik kanpo: askotan jo genuen inguruko hizkuntzetara. Hala, ikusi genuen dena ezin dela arautu, auzo-hizkuntzetan ere badirela zalantzak eta estandarizazioan gure aurretik dauden hizkuntzetan ez dagoela dena kanpotik dirudien bezain argi.

Letra zuzena, letra etzana eta komatxoak izan ziren hasierako protagonistak. Adibideetatik abiatuta iritsi ginen ondorioetara. Eta ikusi genuen euskarak, deklinabideagatik, baduela inguruko hizkuntzek ez duten arazo espezifiko bat, eta euskaratik eman behar zaiola irtenbidea, nahitaez, inguruko ereduek ez baitigute balio.

orto16_1.JPG

Deklinabidea, ortotipografiari ez badagokio ere, behin eta berriro atera zen plazara, eta deklinabidean arautu gabeko zenbait punturen inguruan ere jardun ginen.

Marratxoz-loturik-bereiz zalantzaren bidean sartzearekin batera, hitz-elkarketaren kasuistika konplexuan barrena hara eta hona ibili ginen, adibide-itsaso zakarra zeharkatzeko lanetan. Laburduren gai txikian zehar ibili ondoren, siglen esparru zabal eta hezigabera iritsi ginen ikastaroaren azken atalean. Ordena jartzen saiatu ginen, hasieran dirudien baino korapilatsuagoa baita.

Hizkuntzaren azalari, eta ez mamiari, dagokio ortotipografia. Baina, ortotipografian nabigatzen hasi eta berehala, hizkuntzaren mamia azaleratzen da behin eta berriro: lexikoa, morfologia, joskera. Horregatik, itxuraz gai lehorra zirudiena bizia gertatu zen.