«Gaztelania xede II» mintegia - 2010
Iaz egin genuen lehenengo «Gaztelania xede» oinarri hartuta, izen bereko bigarren saioa egin dugu aurten, azaroaren 26an eta 27an, Gasteizko Letren Fakultatean eta hango Koldo Mitxelena liburutegian. Hamar orduko mintegia izan da, bi saiotan banatua: ostiral arratsaldez bost ordu, eta beste bost larunbat goizean. Ostiraleko saioan, Idoia Santamaría aritu zen irakasle, eta larunbatekoan, berriz, Karlos Cid Abasolo. Hamabost lagunek hartu zuten parte mintegian.
Ikasleei aurrez bidali zitzaizkien mintegian aztertuko ziren testuak, etxean irakur eta landu zitzaten, gero mintegian denon artean eztabaidatzeko testuon inguruko galderak eta zalantzak.
Ostiraleko saioan, gaztelaniaz idatzitako bi prentsa-artikulu laburren zuzenkizunak xehatzen saiatu ginen, lehenengo: ortografia-akatsak (horietako batzuk RAEk eta Hego eta Erdialdeko Amerikako Akademiek aste gutxi barru argitaratuko duten ortografia-lan berriak jasoko dituenak: adibidez, solo hitzak eta izenordain erakusleek galduko duten azentu-marka), terminologia-arazoak, anglizismoak, erredakzio traketsek eragindako gaizki-ulertuak edo esanahi-aldaketak, euskal toponimoen eta jentilizioen erabilera gaztelaniaz idatzitako prentsan (EAEn soilik zein Espainia osoan argitaratzen diren egunkarietan), eta estilo-kontu batzuk.
Atsedenalditxo baten ondoren, saioaren bigarren zatian, euskaratik gaztelaniara itzulitako testu bat izan genuen hizpide, eta estilo-arazoak nabarmendu genituen: tonu desegokia, kolokazio-arazoak, erredakzio bortxatuak, gaztelaniazko lokailuen errepikapena, euskararen oihartzuna esaldiak bata bestearekin lotzeko eran, eta abar.
Testuez gain, ikus-entzunezko ariketatxo bat ere egin genuen. ETBko Teknopolis saioko bi erreportaje labur eta urriko Teleberri bateko zatitxo bat entzun genituen, eta nabarmendu ziren arazoak komentatu: preposizio desegokien erabilera, terminologia-nahasketa, erregistro-maila desegokia eta zenbait hitz berezi azentuatzeko modua.
Larunbateko saioan, berriz, publizitate-testu laburrak aztertu genituen lehenengo, Karlos Cid Abasoloren gidaritzapean: kaleko errotuluetan, inprimakietan, gonbidapenetan, karteletan edo bidaia-txarteletan behin eta berriz agertzen diren akatsak, hala nola preposiziorik gabeko esaldiak, ortotipografia-kontuak, komunztadura desegokiak, genero-arazoak, etab.
Prentsako testuak izan genituen gero hizpide. Horietan ere akatsak aletuz joan ginen, apurka-apurka. Esaterako, leísmo kasuak behin eta berriz errepikatzen direla ikusi genuen; orobat, maiuskulen eta puntuazio-zeinuen erabilera okerra, eta preposizioak kentzeko joera ere oso zabalduak daudela nabarmendu zuen Karlosek . Gainera, literaturako adibide egokiak ere ekarri zituen, horietako batzuk Stieg Larssonen trilogia ezagunaren gaztelaniazko itzulpenetik aukeratuak.
Azkenik, abesti ezagun batzuetan ezkutatzen diren zenbait gramatika-akats ere nabarmendu zizkigun Karlosek, bai eta itzulpen negargarri batzuk ere, diru publikoaren laguntzaz argitaratuak.
Ikastaroa amaitutakoan ikasleek egin zuten balorazioa oso positiboa izan zen. Besteak beste, alderdi hauek baloratu zituzten ondoen: irakasleen prestakuntza eta ikasleekiko jarrera, adibide praktikoak ikusi izana eta ikasleen parte-hartzea bultzatu izana. Bestalde, ikasleen erdiek adierazi zuten gaia luzeago lantzeko beharra.
EIZIEk eta IZOk antolatu dute mintegia, EHUko Letren Fakultatearen laguntzaz.