Ivan Noble itzultzaile eta kazetaria hil da

2005 Otsaila 3
Ivan Noble itzultzaile eta kazetaria hil da

Ivan Noble, BBC kateko kazetari eta itzultzailea hil da, 37 urte zituela, azken bi urteetan burmuineko minbiziaren aurka borrokatu ondoren. Denbora horretan, gaixotasunari buruz idazten aritu izan da sarean.

Ivan Noble Leedsen (Britainia Handia) jaio zen, 1967an, eta ikasketak Lutonen eta Leedsen bertan egin zituen, Birminghameko Aston Unibertsitatean ikaskuntza germanikoetran hasi zen arte.

Ekialdeko Alemanian bizi izan zen bi urtez, 1988tik 1990era arte, itzultzaile lanak eginez. Halaxe sartu zen, itzultzaile gisa alegia, BBC katean, eta geroago kazetari lanetan joan zen Nairobira (Kenia). Interneteko kazetaritza gaietan aditua, 2001az geroztik BBCko sareko edizioko taldean aritu zen.

Ivan Noble blog idazten hasi zen gaixotasunaren berri izan zuen orduko, Tumour diary izenekoa. Irakurle mordoa izaten zituen egunero, eta bereziki bere azken zutabea («Ordua heldu da») milaka internautek irakurri zuten. Irakurle askok eta askok bidali zioten, sarearen bidez, erantzunik eta sostengurik, gaixotasunaren aro zailetan batez ere.

Azken zutabea urte bete lehenago utzi zuen idatzia, gaitzak idazteko gaitasuna kenduko zion beldurrak; bertan eskerrak ematen zizkien irakurleei, sarearen bidez emandako babesagatik.