Chris Durbanen interpretazio-gida euskaraz
Lau hilabetez lanean jardun ondoren, bukatu dugu interpretazio bezeroei zuzendutako gida euskaratzen, eta denon eskura dago EIZIEren webgunean. Jatorriz Chris Durban itzultzaileak ingelesez idatzitako lana da (frantsesera ere itzulita dago), eta interpretazio kontuez gehiegi ez dakiten bezeroei zuzenduta dago. Edozeinek ulertzeko moduan azaltzen du gidak zer den interprete bat, zer behar duen ondo lan egiteko eta zergatik den garrantzitsua beti profesionalekin lan egitea. Hizkera sinple hori mantentzeko saiakera berezia egin dugu euskarazko gidan ere, jatorrizkoari fidel.
Vértice sareko beste hiru elkarterekin batera egin dugu lan: gaztelaniara itzuli du gida Asetradek, APTICek katalanera eta AGPTIk galizierara. Gidaren aurkezpen ofiziala apirilaren 9an egin zen, komunikazioa, itzulpengintza eta interpretazioa jorratzeko APTICek antolatu zituen jardunaldietan, Bartzelonan. Ekitaldi horretan bertan izan zen Chris Durban itzultzailea, beste hiru elkarteetako ordezkariekin (EIZIEk bideokonferentzia bidez hartu zuen parte), eta gida aurkeztu eta haren inguruko mahai-ingurua antolatzeaz gain, oro har interpretazioarekin lotutako kontu praktikoez hitz egiteko aukera ere egon zen.
Aipatzekoa da, halaber, gidan parte hartu dutela Espainiako Zeinu Hizkuntzako Interpreteen eta Gida-Interpreteen Elkarteak (FILSE) eta Nazioarteko Konferentzia Interpreteen Elkarteko Espainiako atalak (Espaiic).