Ongi etorri EIZIEren webgune berrira

2003 Apirila 7

Joan den apirilaren 3an, aurkeztu genuen webgune berritua Donostian, Ernest Lluch Kulturetxean . Karlos del Olmo lehendakariak azaldu zuenez, lehengo webguneren bidetik, berrikuntza hau «itzultzailearen lagungarri guztiak biltzeko saio bat da, gure bazkideei zerbitzu hobea emateko pentsatua, eta guztion partaidetza errazteko moldatua».

Lehengo egunak gogoan

Lehengo egunak gogoan

EIZIEk 1995ean zabaldu zuen lehenengoz bere webgunea: Euskal Herriko elkarte profesionalen artean, lehenengotarikoa izan zen EIZIErena. Hastapenean, webgune estatikoa zen, hori webgunearen atarian bertan ikusten zen, luzaroan menu nagusia besterik ez baitzuen erakutsi. Adibidez, begira hemen nolakoa zen www.eizie.org 1999ko ekainean.

Arian-arian, webgunea garatu egin genuen, eduki berri asko hartu zituen, batez ere Senez aldizkaria, baina alderdi formalean hastapeneko gisa horretara iraun zuen 2001eko martxoa arte. Orduan, webgunearen atarian aldaketa garrantzizko bat egin genuen: itxura beti berdina utzi, eta albistegi bihurtu genuen. Ikus hemen zer itxura eman genion www.eizie.org webguneari 2001ko martxoan.

Aldaketa aro

Webgunearen edukiak zabaldu ahala, EIZIEren barruan gero eta garrantzizkoago izan da gure Interneteko presentzia eta lana. Horretan, urrats sendoa izan zen 1998ko abenduan ItzuL posta zerrenda sortzea.

Ordu arte, baina, gure webgunea eguneratzeko lana erabat «eskuz» egiten genuen beti, bazkide talde txiki baten borondatezko lanari esker. Aldaketa sakon baten beharraz ongi jabetu zen EIZIEren zuzendaritza batzordea, eta, hala, 2002ko urtearen erdian erabaki genuen gure webgunea guztiz eraberritzea, egitura dinamiko bat ematea, alegia. Gure web zerbitzuak hiru asteko etena izan zuen 2002ko maiatzean, eta ekainaren hasieran berriro sareratu ginen, gure aldaketaren berri emanez.

Berrietan berri

Aldaketa software librea erabiliz egin behar genuela argi ikusten genuen, ordu arteko esperientzia apurrak erakutsi baitzigun informatika munduan jabetzak zer lortura eta mendekotasun sortzen duen.

Gure indar apalaren neurrian, Zope plataformaren hautua egin genuen, gure beharretara ongi egokitzeaz gain, urrean baikenuen plataforma horren gainean lan egiteko gaitasuna zuenik. Horrela, gure proiektuaren oinarrian ongi itxuratu eta mamiturik, Code&Syntax euskal enpresak garatu ditu gure webgune berriaren funts teknikoak.

Albisteak eta gehiago

EIZIEren webgune berrituaren ataria albistegi bat da, itzulpengintzaren ingurukoa. Izaera dinamikoari ongi dagokionez, gainera, albisteak bidaltzeko aukera du, ez bakarrik EIZIEko bazkideak, baizik beste edonork ere.

Gainera, gure albisteak e-postaz jasotzeko harpidetza egin daiteke, lau hizkuntzetan bereiz: gure webgunean azaldu orduko, albistearen izenburua eta sarrera posta elektronikoz bidaltzen dira.

Jakina, lehendik gure webguneak jasotzen zituen informazio eta eduki guztiak aldatu ditugu formatu berrira: Senez aldizkaria, tarifa gomendatuak, itzulpen memoriak, literatura itzulpeneko kontratu ereduak, eta abar.

Itzultzaileak izeneko atalean, gure bazkideen helbide elektronikoa eta lan hizkuntzak aurki daitezke, itzulpen baten beharra daukan orok euskal itzultzaileak bilatu eta aurkitzeko bide ziur bat izan dezan.

Baita ere, aspaldiko lan proiektu bat berreskuratzeko aukera eman digu webgunea berritzeak: itzulpenen katalogoa. Gure bazkide batzuek gratis et amore egindako lanari esker, euskarara itzulitako 6963 obren fitxa bibliografikoak ditugu sarean. Lanak zuzenketa asko behar ditu, baita 1996tik aurrerako itzulpen lanekin eguneratzea ere. Hori izango da, laster, EIZIEren lehentasunezko eginkizun bat.

Babel

Itzultzaileek egindako webgune batean besterik ezin izan zitekeen bezala, albisteak eta eduki gehienak lau hizkuntzatan daude (euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez), baina horrek ez du esan nahi hizkuntza guztietan gauzak simetrikoak direnik. Azaleko albisteetan ikus daiteke, adibidez, hizkuntzen artean diren aldeak. Localizer webgune eleaniztunak kudeatzeko tresna �hau ere, software librea- erabili dugu hizkuntza antolamendua egiteko.

Laguntzaileei, esker onez

EIZIE elkarte txikia da, euskal itzulpengintzan ari direnen profesionalek osatua, beraz diru bide handirik gabekoa. Gure webgunea berritzeko ezinbestekoa izan dugu CEDRO erakundeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eman diguten diru laguntza. Eskerrak biei!