«Haurrentzat itzultzea eta gazteengana itzultzea» solasaldia, Bilbon
Aiora Jakak, Miren Agur Meabek eta Patxi Zubizarretak parte hartuko dute Haur eta Gazte Literaturaren itzulpenaren inguruko solasaldi honetan, azaroaren 16an.
Irati Jimenez idazleak dio irakurleak galtzen ari garela eta adituek diote haurrak eta gazteak izango direla geroko irakurleak –eta sortzaileak. Haurrek plazerez irakurtzen dute; gazteek mesfidantzaz.
Euskaraz sortutako originalez gain, argi dago irakurle gazteak erakarri beharra daukagula, mundu berrietara zabaldu. Klis-Klasikoak bildumarekin batera –Pinotxo, Tom Sawyer…– Printze Txikia edo Harry Potter bezalako lanak euskaratuak ditugu, baina ordua da galdera egiteko: zer itzuli hemendik aurrera?, nola itzuli? –jasotzaileen hizkuntza maila, itzulpenak oraindik ere eragin dezakeen ustezko ahalegin handiagoa…
Parte-hartzaileak: Aiora Jaka eta Miren Agur Meabe, Patxi Zubizarretak gidaturik.
Miren Agur Meabe itzultzailea da, baina editorea ere izana da, baita sortzailea ere: itzulpen lanak zertan eragiten dio bere sorlanari, zer eragiten dio, zein egoeratan dago? Zer nolako esperientzia izan du Aiora Jakak orain artekoan, nabaritu al du alderik helduentzako eta haur-gazteentzako lanen artean?
Biek ala biek jaso dute Vitoria-Gasteiz itzulpen saria, baita Patxi Zubizarreta moderatzaileak ere, eta aukera paregabea dugu eten bat egiteko eta hausnarketa egiteko. Argi dago ezinbestekoa dela irakurleak erakartzeko eta sortzaileak bideratzeko.
Noiz: Azaroak 16 (asteazkena)
Non: Bilbo, Euskaltzaindiaren egoitza (Plaza Barria, 15)
Ordua: 18:00 - 19:30