Munro eta Dürrenmatt Literatura Unibertsala bilduman. Liburuen aurkezpena
Literatura Unibertsala bildumako 172. eta 173. zenbakiak aurkeztuko dira maiatzaren 22an, goizeko 11:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan:
- Alice Munro, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak senar-emazteak . Itzultzailea: Isabel Etxeberria.
- Friedrich Dürrenmatt, Epailea eta haren borreroa . Itzultzailea: Idoia Santamaría.
Parte-hartzaileak: Isabel Etxeberria eta Idoia Santamaría (itzultzaileak), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza), Xabier Olarra (Erein eta Igela argitaletxeak) eta Idoia Gillenea (EIZIE).
Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak senar-emazteak
Bederatzi kontakizun, Alice Munroren unibertsoan kokatuak, zeinetan gertaeren joanean ustekabeko batek edo bat-batean oroimenera ekarritako zerbaitek bizitza oso bat argitzen baitute.
Munroren literatur mundua "eguneroko bizitza" da, Ontarioko Huron Countykoa zehazki. Mundu hori populatzen duten gizon, emakume eta umeak (baina bereziki emakumeak) eguneroko bizitzak ezartzen dituen eginbehar eta nekeetarako bizi dira. Ez dago gertaera bereziki misteriotsurik, betidanik ezarritako moldeetan jaio, bizi eta hiltzen dira. Baina eguneroko bizitzan zoriak eta ustekabeak nahitaez duten lekua aski da haien tragedia handi edo txikiek Huron County baino eremu zabalagoko jendeari hunkigarri gertatzeko.
Feminista goiztiartzat ote zuen bere burua galdetu ziotenean, hona haren erantzuna: "Garai hartan, ez nuen "feminista" hitza ezagutzen, baina horixe nintzela feminista, nola ez".
Epailea eta haren borreroa
Nobela beltz asko bezala, hilotz batekin hasten da. Baina badu ezaugarri bat nobela beltz ohikoetatik bereizten duena: ustez istorio nagusia dirudienari hilketa bera eta hilketa argitzeko prozesua beste istorio batek hartuko dio gaina, nobelak aurrera egin ahala. Dürrenmatten lanetan, izan ere, beti agertzen da ustekabeak arrazoimenaren logika hausteko duen indarra, eta nobela honetan, zehazki, ustekabe batek dakar lehen planora liburuko istorio nagusia. Eta ustekabearekin loturik ageri dira maiz, orobat, errua eta norbanakoaren erantzukizuna, Dürrenmatten dilema filosofikoaren ardatzetako bi.
Bada, bestalde, auzi funtsezko bat eleberri honetan: ongiaren eta gaizkiaren arteko muga lausoa, pertsonaia zintzoen eta gaiztoen arteko bereizkuntza garbirik eza. Oso interesgarria da, alde horretatik, Bärlach eta Gastmann pertsonaien arteko harremana, ongiaren eta gaizkiaren arteko mugaren josturak hausten baititu. Suitzan gertatzen dira nobelako pasadizo guztiak, 1948an, Bieleko aintziraren inguruko herrixketan eta Berna hirian.