«Ingelesa-euskara itzulpen mintegia» - 2013
Hamazazpi lagun bildu ginen Donostiako Kirol Etxean, azaroaren 21ean eta 22an, ingelesetik euskararako itzulpenaz jarduteko, Itziar Otegi irakasle genuela. Mintegiaren oinarri, parte-hartzaileek aldez aurretik landuak zituzten hiru testu: zientzia-dibulgazioko testu bat (ZIO bildumako Zergatik den egia eboluzioa liburutik hartutako pasarte bat), The Independent egunkaritik hartutako artikulu zati bat, eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen webgunetik harturiko pasarte bat.
Mintegiari hasiera emateko, ingelesetik euskarara itzultzeko baliagarri diren zenbait baliabide berritu genituen. Hurrena, zientzia-dibulgazioko testuari heldu genion. Horrek eman zigun bidea, batetik, koherentziaren eta kohesio-mekanismoen garrantziaz hitz egiteko, bai eta itzultzen zailak diren termino, esapide eta egitura batzuk aztertzeko ere.
Kazetaritza-testuan, batez ere kultur erreferentzia gutxi-asko ezkutuek sortzen dituzten arazoez jardun genuen, eta halako testuek eskatzen duten hizkuntz ekonomia eta esan-indarra lortzeko bideez.
Azkenik, zenbait nazioarteko erakunderen testuak itzultzeko erabil daitezkeen baliabide berezi batzuk izan genituen hizpide, bai eta halako itzulpenetan jarraitu ohi diren molde bereziak ere.
Talde-giro atsegina sortu zen mintegian; parte-hartzea aberatsa eta emankorra izan zen, eta, askotan gertatu ohi den bezala, bigarren eguneko atsedenaldian jo zuen gailurra, kafe-makinaren ondoan bildu eta izendatu berria genuen «segurtasun-gabezia linguistikoaren sindrome»az elkar artatzeko auzoterapia egin genuelarik.