Ofizioaren aldarria Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean
Irailaren 30ean, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren harian, lanbidearen aldeko aldarria plazaratuko du EIZIEk, euskal itzulpengintzak azken urteotan egin dituen aurrerapenak eta bizi dituen kezka eta erronkak jendaurrean ezagutarazteko. Horretaz jardungo du Mikel Garmendia EIZIEren lehendakariak Donostiako Udal Liburutegiaren Sotoan antolatu dugun prentsaurrekoan, goizeko 10:30ean. Bestalde, Senez itzulpen-aldizkariaren 46. zenbakia kaleratu du aurten EIZIEk, eta aurtengo alearen berri emango du Karlos del Olmo aldizkariaren zuzendariak. Izan ere, itzulpengintzarekin zerikusia izan dezaketen alderdi guztien topaleku dugu aldizkaria.
Itzultzaileok ere geure aldarriak egiteko aukera
Itzultzaileon aldarriak, kezkak, nahiak, goraipamenak entzunarazteko egun aproposa dugu San Jeronimo eguna. Horretarako, sare sozialetan (Twitter, Facebook, Linkedin eta Google+) hashtag batzuk sortu ditugu (#ItzAldarria, #itzultzaileeguna).
Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria
Egun berean, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena sarituko dute bi erakundeok. Tabakaleran izango da ekitaldia, Etxepareren egoitzan (3. solairua), eguerdiko 12:00etan.