Queneau-ren "Estilo ariketak"

2006 Urtarrila 11
Queneau-ren "Estilo ariketak"

Raymond Queneau (1903-1975) idazle frantziarraren bigarren liburua argitaratu da euskaraz: Estilo ariketak. Xabier Olarra itzultzaileak apailatu du itzulpena, eta Igela argitaletxeak plazaratu. Bihar, urtarrilak 12 dituela, arratsaldeko 19:30ean, lan horren aurkezpena egingo da Koldo Mitxelena Kulturunean , Donostian. Ekitaldi berezia izango da: lehenengo, Gotzon Egiak itzultzailearen eta obraren aurkezpena egingo du, eta X. Olarra itzultzailea itzuli berri duen obrari buruz mintzatuko da. Ondoren, R. Queneauren obraren pasarte batzuk irakurriko dituzte honako hiru aktore hauek: Mireia Gabilondo, Ramon Agirre eta Karlos Zabalak, azken horren zuzendaritzapean. Sarrera doakoa izango da, nahi duen guztiarentzat.


Olarra eta Queneau

Literatur itzultzaile aritua da X. Olarra, urteak daramatza lantegi horretan, eta Igela argitaletxeko arduradunetako bat ere bada. Eskarmentu handia du munduko literatura obrak euskaratzen, eta oraingoan ere oso obra enblematikoa aukeratu du.

Euskaraz argitaratzen den bigarren obra du Queneauk X. Olarraren Estilo ariketak hau. Aurretik kaleratua da Joxean Elosegik itzuli zuen autore beraren Zazie metroan, eta Literatura Unibertsaleko bilduman argitaratu zen 1996an.

Queneauk idatzitako obra adierazgarrienetako bat izan zen Exercices de style (1947): gertaera xume eguneroko bat 99 eratara emana. Ia ehun testu-aldaera atondu zituen autoreak gertaera beraren gainean, beste hainbat komunikazio erregistrotan.

Ekitaldia: Euskarara itzulitako Raymond Queneauren Estilo ariketak liburuaren aurkezpena (Igela argitaletxea).

Itzultzailea: Xabier Olarra , EIZIEko kidea.

Non: Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian – Donostia
Data: 2006ko urtarrilaren 12a
Ordua: 19:30ean

Argitalpen honen inguruan berri gehiago:

Berria 06/01/12

Gara 06/01/12

El Diario Vasco 06/01/012

Susa Literatur Emailuak 208 zenbakia