Puntuazioa: testuak antolatzeko giltza - 2011

puntu1.JPG

Juan Garziak puntuazioari buruzko ikastaroa eman zuen otsailaren 28an eta martxoaren 1ean eta 2an, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Ikastaroaren helburu nagusia puntuazioaren garrantziaz ohartaraztea zen; alegia, argi uztea puntuazio txukuna erabiltzea ez dela luxua edo maisukeria, edozein testugilek irakurleari zor dion gutxieneko ahalegina baizik. Horregatik, irakaskuntza formalak zoritxarrez oso alde batera utzia duen puntuazio-trebakuntza oinarrizkoa ematea (edo osatzea) izan zen ikastaroaren eginkizun zehatza.

Puntuazioa ondo erabiltzearen garrantzia azpimarratzeko, bi metafora aipatu zituen Garziak ikastaroaren hasieran:

Irudi bat erabiltzearren: ahozkoa musika da, eta haren adierazpen idatzia, berriz, musika horren partitura.

Ondorio nagusi bat: partiturak ezin ditu bildu musikaren ñabardura guztiak; are gutxiago, zeinuak hain urriak izanik: nondik norako nagusiak ematea da haren eginkizuna. Hori lortuko bada, ikasi eta landu egin behar da teknika hori, ez baita aski ahozkoan trebe izatea: ahozko egiturak idatziaren kodera biltzen jakin behar da.

puntu2.JPG

Beste irudi bat: imajina ezazu bazoazela autoan aurrera eta aurrera, eta, halako batean, bidegurutze batean, halaxe jarraitzen duzula, aurrera, ezerk besterik adierazten ez dizulako. Zer irudituko litzaizuke gero handik metro batzuetara konturatuko bazina, atzeranzko seinale nola edo halako bat ikusirik, aurreko bidegurutze hartan gelditu behar zenuela, eta, beharbada, beste bide bat hartu? Bada, horixe gertatzen zaio irakurleari behar bezala seinaleztatu gabeko testuaren harian: ez dakiela, alegia, nola jokatu behar duen unean-unean.

puntu3.JPG

Horrelako gaizki-ulertzerik sortuko ez duten testu irakurgarriak idazteko beharrezkoak diren puntuazio-arau oinarrizkoak emateari ekin zion ondoren Garziak. Azalpen orokor labur batean eman zituen lehenik aplikazio praktikorako behar ziren oinarriak (testuaren barne-osaera —oinarrizko eskema, paragrafoak, esaldiak, esaldi barruko informazio-banaketa, sintagmak...—, sintaxi-egitura eta hitz-katearen "musika"). Gero, erabilera erabakigarrienen sailkapena egin zuen, adibide argigarriak erabiliz. Horiek garbi utzi ondoren, testu errealak landu zituen ikasleekin batera: erabilera okerrak detektatu, irakurketan eragiten dituzten kalteak nabarmendu, zuzendu edo konponbide egokiak saiatu, aukera anitzeko kasuak ikusi eta bakoitzaren abantailak aipatu...

puntu4.JPG

Erabilera egokiak azaltzeko ez ezik, zenbait uste okerri aurka egiteko ere baliatu zuen Garziak ikastaroa. Argi utzi nahi izan zuen gaur egun oso zabaldurik dauden zenbait uste guztiz ustelak direla: esate baterako, komak beti pausaldia esan nahi duela, eta juntagailuaren aurretik ezin dela inoiz komarik jarri, puntuazioaren erabilera subjektiboa eta arbitrarioa dela, puntuazioaren eginkizuna testuan han-hemenka gertatzen diren anbiguotasunak argitzea dela eta abar.



Hogeita bi lagunek hartu zuten parte ikastaroan, eta pozik agertu ziren denak hiru egun horietan ikasitakoarekin.

Hemeroteka

Diario Vasco - 2011-02-27 - Juan Garziari elkarrizketa

Bizkaie - 2011-03-03 - Miren Ibarluzearen iruzkina ikastaroaz