Literatur itzulpengintza Estatu Batuetan

2005 Urtarrila 24
Literatur itzulpengintza Estatu Batuetan

Orain dela 20 bat urte, The New York Times egunkariak 40 urtez beherako zenbait idazle gazteri galdetu zion ea zein idazleren eragina izan zuten beren literatur lanean. Denbora puska eder bat igaro ondoren, egunkariak berriro egin du inkesta, gaur egungo idazle gazteen artean. Hona dakargu Jonathan Safran Foer-en erantzunaren zati bat, Estatu Batuetako literatur itzulpengintzari lotua.

«Nire literatur heroi gehienak -Ovidio, Kafka, Rilke, Schulz, Grass, García-Márquez, Amichai- ezin ditut jatorrizko hizkuntzan irakurri. Eta aurreko urteetan nire inspirazio iturri izan diren liburuak -Danilo Kisen Garden, Ashes (Basta, pepeo); Ma Jianen The Noodle Maker; José Saramagoren Blindness (Ensaio sobre a cegueira); Genichiro Takahashiren Sayonara, Gangsters; Orhan Pamuken My Name Is Red (Benim Adim Kirmizi)- serbokroazieraz, txineraz, portugesez, japonieraz eta turkieraz izan ziren idatziak, hurrenez hurren. Hala gertatu zait, baina ez dut uste liburu horiei atxiki naizenik kanpotarrak direlako. Alderantziz. Kontu pertsonalak edo familiarrak agertzeko duten trebetasuna maite diet, hain zuzen. Gertatzen da, soil-soilik, liburuok idatzita daudela nik ulertzen ez ditudan hitzez.

Lotsagarria da Estatu batuetan urtero argitaratzen diren literatur liburuen ehuneko 3 soilik direla beste hizkuntzetatik itzuliak; beste edozein herrialdetan izan ohi den % 25-45 baten aldean, ezdeusa. Gainera, ehuneko 3 horren zati esanguratsu bat klasikoen berritzulpenak direla kontuan hartuta, kanpoko liburu itzulien benetako kopurua askoz ere apalagoa da. Gure arreta politiko eta militar ia osoa Ekialde Ertainean jarria daukagu, baina gure artean zenbatek esan dezakete arabiar literaturako liburu itzulitako bakar bat irakurri duenik? Herritar batentzat, ikaragarria da ikustea etorkizunean besteekiko harremanak diplomatikoak izango direla soilik, ez gizatiarrak. Izan ere, kultura batek artearen bitartez adierazten ahal du ondoen bere gizatiartasuna.

Idazle naizen heinean, badakit kulturen arteko elkarrizketan partaide izan gabe –hizlari izanik, baina ez entzule- idazle kaskarragoa izango naizela. Zientzietan bezala, artea besteren esperimentuen mende dago. Aurrerapauso handienak ez dituzte gizabanakoek egiten, ingurugiro jakin batek baizik (ez da kasualitatea berrikuntza guztiak sortan etortzea). Alde horretatik, garai lazgarria da amerikar idazlea izateko.

Edo amerikar irakurlea izateko. Batzuetan pentsatzen dut sekula irakurri ez ditudan liburuez, nire bizitza aldaraziko zutenak. Hitz bat izan beharko litzateke galera horri esateko, agian beste hizkuntzaren baten badauka... Eta nork ez du heroi gehiago izan? Nork ez du ahal den inspiraziorik handiena izan?»

Artikulu osoa ingelesez: The New York Times, Sunday Book Review

Jonathan Safran Foer
Jonathan Safran Foer idazlearen lan ospetsuena da Everything Is Illuminated, urteko liburu onean izendatu zuena Los Angeles Times egunkariak. Sari asko irabazi ditu, besteak beste, The Guardian egunkariaren lehen liburuaren saria, Judutar Liburuaren Sari Nazionala eta New Yorkeko Herri Liburutegiko Gazteen Saria. Bere eleberrien itzulpen eskubideak hamar herrialdetan erosiak izan dira. Everything Is Illuminated lanean oinarritutako filma, Liev Schreiberrek zuzendua eta Elijah Wood protagonista dela, 2005eko abuztuan pantailaratuko da.
Informazio gehiago: elkarrizketa bat Robert Birnbaumekin