Testuaren koherentzia eta kohesioa: zenbait baliabide - 2012

Guztira, 12 ordu eskaini dizkiogu gaiari. Hasierako asmoa 15 laguneko talde bakar batekin aritzea baldin bazen ere, ikusita 45 bat lagunek eman dutela izena, 2 talde antolatzea erabaki du elkarteak. Hortaz, 30 itzultzailek jardun dute guztira: lehen taldeak irailaren 19, 20 eta 21ean, eta bigarrenak irailaren 24, 27 eta 28an, arratsaldeko 4etatik 8etara, Donostiako Kirol Etxean.

kohe1.JPG

Lanari ekin aurretik, Julia Marin Arteaga irakasleak bi ariketa proposatu dizkie parte hartzaileei, astebeteko epea emanda nork bere kabuz egin eta e-mailez bidaltzeko: administrazio testu bat erlatiboz josia berridaztea, eta 2012ko Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren mezua euskaratzea, John Malkovich aktoreak idatzia.

Gogoeta eginez abiatu dugu ikastaroa, hainbat adituren aipuak hizpidera ekarrita. Zertan da gaur eguneko prosamolde idatzia? Oro har, testu argiak sortzen ditugu? Zer esan nahi du euskal prosa heldu gabe egoteak? Ezberdinak dira idatzizko kodea eta ahozkoa?

kohe2.JPG

Segitzeko, aztertu dugu zer irizpide baliatzen ditugun hitzak esaldian antolatzeko garaian. Eraginkorrak dira Azkue/Altuberen lege zaharrak, oraindik ere eskola eta euskaltegi gehienetan irakasten direnak? Zenbat aukera bazterrarazten dizkigute lege horiek? Erabilera horri aurre egin nahian, gaur egun, izugarri zabaldu da aditza aurreratzeko aholkua. Jarraibide nahikoa da esaldi argiak idazteko? Non kokatu gainerako elementuak, zeren arabera antolatu? Zenbateraino da euskara ordena libreko hizkuntza?

Eta gogoeta gehiago… Esaldi bat eraikitzen ari garela, kontziente izaten gara zein den hitz protagonista? Nola eman protagonismoa hitz jakin bati? Zertan eragiten dio mezuari elementu bat esaldi nagusian kokatzeak edo menpekoan? Zer dela eta diogu halako atxikimendua erlatibozko perpausari? Zenbat egitura eder jaten dizkigu? Zer trikimailu erabiltzen ditugu esaldiak harilkatzeko?

kohe3.JPG

Amaitzeko, aurrerapauso bat eman dugu hitz ordenaren ikuspuntu gramatikala atzean utzita, eta joskera komunikatiboan murgildu gara. Batetik, nazioarteko prosan erabiltzen diren termino ugariak argitzen eta bereizten saiatu gara: Tema/Rema, Mintzagaia/Iruzkina, Topikoa/Predikazioa, Galdegaia/Fokua… Eta bestetik, adibideetan eta testu eredugarrien azterketan oinarrituz, ikusi dugu nola aplika daitezkeen kontzeptu horiek hiru mailatan: esaldia antolatzeko, esaldiak elkarri josteko eta testuari egitura emateko.

kohe4.JPG

Lan giro bikaina izan dugu: interes handia eztabaidarako eta bide berriak jorratzeko. Balorazioetan, sakontzen jarraitzeko gogoa eta premia adierazi dute parte hartzaile gehienek, eta proposatu dute tailerren bat antolatzea aurrera begira, praktikara eramateko ikastaro labur honetan esperimentatu ditugun baliabideak.