Babelgo dorre txikia

2004 Martxoa 7
Babelgo dorre txikia

Arratsaldeko bostak. Kafetegi bateko terraza. Jaionek haurrak jaso ditu eskolatik eta kafetxoa hartzera joan da lagunekin, haurrak pareko parkean jostatzen diren bitartean. Arratsalde on. Arratsaldeko bostak. Kafetegi bateko terraza. Hassan eta Nabil lanetik atera dira eta lagunekin gelditu dira zerbait hartzeko. Salamalekum. Arratsaldeko bostak. Kafetegi bateko barra. Taylor boli kostarra irribartsu sartu da tabako pakete baten bila. Good aftenuun. Seietan Manolo eta Ane sartu dira. Epa. Zazpietan Wilson Alberto. Buenas tardes. Zortzietan Emmanuel. Bon Soir. Bederatzietan Abel eta bere lankide Joao. Boas tardes.

Geroz eta nabariagoa da errealitate hau gure kaleetan 1986. urtetik hona, izan ere, hirukoiztu egin da etorkinen kopurua urte hauetan. Egun EAEn 24.000 etorkin inguru daude (horietatik 8.000 inguru legez kanpo). Gure kultura eta izatearen zati bilakatzen ari da aniztasun hau, horrek dakartzan aberastasun eta traba guztiekin. Trabak diot, askok eta askok bigarren mailako hiritar izaten jarraitzen dutelako eta guretzat ere beharrezkoa izan delako azpiegitura berriak sortzea behar berriei erantzuteko eta aurre egiteko. Oztopo lasterketa baten tankerakoa da immigrazioaren fenomenoa, baina helmugan ere askotan ez da saririk izaten egindako ahalegin guztien truke. Errealitate gordina bestelakoa da, ordea. Ditxosozko paperak, etxebizitza duina lortzeko zailtasuna, lana aurkitzeko beharra, etab. bilakatzen dira etorkinaren sari nagusi.

Egoera hau hobetzeko asmoarekin, Eusko Jaurlaritzak 44 milioi euro gastatuko ditu Immigrazio planean. Osakidetzako txartela lortzeko, Langaik eratutako erregistroan izena emateko, Etxebideko zerrendetan egon ahal izateko, etab. aukera eskainiko du immigrazio plan berri honek, paperak izan edo ez.

Ederki, beraz.

Rose Nigeriakoa da. Urtebete eskas darama Gasteizen. Ez du gaztelaniarik hitz egiten. Ez du paperik. Sekulako belarriko mina dauka. Medikura joan nahi du. Ingelesez ere nekez mintzatzen da. Lagun bati deitu dio medikuarengana lagun dezan. Laguna lanean dago. Bai, Rose erroldatua dago eta Osakidetzako txartela ere badu, baina ez da ausartzen sendagilearengana joaten tutik ez diolako ulertuko. Nabilek Etxebiden nahi du izena eman, baina ez da gaztelaniaz ondo moldatzen eta Manolok, Etxebideko arduradun batek, hurrengoan gaztelania ondo dakien lagun batekin joateko esan dio elkar ulertzen ez dutelako. Joaok bere udalerriko gizarte zerbitzuetako langilearekin hitz egin nahi du, baina Jaione gaixoak ez daki portugesez hitz bakar bat ere.

Horixe da ba, aipatu dizuedan errealitate gordina. Hizkuntzak eta kulturak oztopo handi bat izaten jarraitzen dute etorkin askorentzat eta horiek gainditu ezean, nekez lortuko dugu borondate oneko egitasmo horiek guztiak horiek sustatzea eta aurrera ateratzea. Itzultzaile eta interpreteok badugu erantzukizunik gizarte berri honen eraikuntzan eta guk geuk ohartu beharko genuke alor honetan egiteke dagoen lan izugarriaz. Babelgo dorre txikia pixkanaka hazten eta hezten ari da eta denon neurrira eraiki eta altxatu beharko genuke etxe berri eta bitxi hau, guztiok leku bat topatu dezagun bertan.

Ikus baita ere:
Interpretazioaren bide berriak: interpretazio soziala

Datu estatistikoak Berria egunkaritik (2003-12-10) ateratakoak dira.