Jose Antonio Retolaza hil da

2014 Martxoa 14
Jose Antonio Retolaza hil da

Hilaren 12an hil zen Jose Antonio Retolaza Ibarguengoitia, Kili-Kili haurrentzako aldizkari ezagunaren sortzaile eta euskararen aldeko ekinbide askoren aita. Euskaltzain urgazle 1975etik. 2000n, euskaltzain ohorezko. EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zuen 1996an, eta bi urte geroago Itzulpen Antologia II liburuan argitaratu zuen haren lanaren lagin bat.

1929ko ekainaren 6an jaio zen, Bilbon. Apaiza (1975era arte), dantzaria eta dantza-irakaslea. Eta euskaltzale sutsua. Berak eman zuen lehen meza euskaraz, Arrazolan, artean Vatikano II.a kontzilioak horretarako bideak ireki aurretik. Frankismoaren gorrienean, bera izan zen Bilboko San Antonen lehen mezak euskaraz ematearen arduraduna. Berari eta bera bezalako beste apaiz batzuei esker lortu zen euskara liturgian sartzea.

Kili-Kili haurrentzako lehen komiki euskaldunaren egilea, urte askoan hainbat eta hainbat haur eta gazte alfabetatzeko eginkizuna bete duena. Hain zuzen, hainbat urte egin zituen aldizkari horretan itzulpen lanak egiten eta argitaratzen, bizkaieraz, gipuzkeraz eta batuaz. 1966an ikusi zuen argia lehenengoz, ezkutuan, tirada gero eta handiagoetan, eta euskal herrietara zabalduz joan zen hainbat lagunen lan ezkutukoari esker. Eta horren ondotik, haur eta gazteentzako alfabetatze materialen sortzailea. Ekin eta ekin, Lan ta lan… Hainbat euskal haurrentzat ezagun-ezagunak ziren marrazkiak, istorioak, pertsonaiak…

70eko giro latzean, Bizkaiko apaizen artean Gogor mugimendua piztu zenean, han zen Retolaza ere.

Asier Astigarrak Jose Antonio Retolazaren biografia idatzi zuen Bidegileak bildumaren 33. zenbakian (Eusko Jaurlaritza, 2003).