Beatriz Zabalondo izango da EIZIEren lehendakari

2007 Otsaila 19
Beatriz Zabalondo izango da EIZIEren lehendakari

Zarautzen egin zuen urteko batzarra EIZIEk, joan den otsailaren 17an. Aurtengo lan programa eta aurrekontua onartzearekin batera, lehendakari berria ere hautatu zuten bertara bildutako bazkideek: Beatriz Zabalondo elgetarra izango dugu lehendakari hurrengo bi urteetan.

Aho batez hautatu zuten Beatriz Zabalondo, Zarautzera bildutako 40 bat EIZIEkideek. Horrez gain, iazko jardueren eta diru kontuen bilana onetsi zuten, baita 2007rako egitaraua nahiz aurrekontua ere.

Eztabaidagai izan zuten, baita ere, elkarteak izan behar lukeen jarrera itzultzaileek lanbidearen jardunean aurkitzen dituzten oztopoei aurre egiteko. Batzarrak agindua eman zion zuzendaritza talde berriari, itzultzaileen lan baldintza profesionalak hobeki zaintzeko erabakiak eman ditzan.

Zuzendaritza talde berria era honetan eratua gelditu da batzarraren ostean:


- Beatriz Zabalondo, lehendakari
- Oskar Arana, lehendakariorde
- Jone Aldamiz-Etxebarria, idazkari nagusi
- Joseba Ossa, diruzain
- Lorea Arrieta, Iñigo Errasti, Amaia Imaz, Itziar Otegi, zuzendaritza taldeko kide.

Estatutuek xedatzen dituzten kide horiez gain, laguntzaile izango dira baita ere:


- Maria Colera, interpreteen sailekoa
- Karlos del Olmo, Senez aldizkariko zuzendaria
- Gotzon Egia, webguneko arduraduna.
- Bego Montorio, Itzul Baita proiektua

Batzarra amaiturik, bertaratutako guztiak bazkaltzera elkartu ziren Zarauzko jatetxe batera. Bazkaltiarren artean leku berezia izan zuten EIZIE elkarteko sortzaileek, orain arteko lehendakari izandakoek eta aurten erretiroa hartzekoak diren bazkideek.