Luis Berrizbeitiak irabazi du XXII. Jokin Zaitegi Itzulpen Sariketa
XXII. Jokin Zaitegi Itzulpen Sariketa (2008ko Nobel Sariduna euskaratzeko beka eman behar zuena) erabaki berri da. Iñigo Errastik, Mikel Garmendiak eta Kattalin Totorikak osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko proiektu guztiak aztertu eta gero, Luis Berrizbeitiaren lana saritzea erabaki zuen. Berak jasoko du Kutxak eskainitako 7.500 euroko saria, eta laguntza honekin jardungo du hemendik udazken hasiera bitartean, liburua 2009ko Durangoko Azokarako prest edukitzeko. Jean-Marie Gustave Le Clézio , Afrikan hazi eta Amerikan bizi den idazle frantsesaren eleberri garrantzitsuena euskaraz irakurri ahal izango da horrela, Elkar argitaletxearen eskutik: "Désert" (Basamortua), Afrika iparraldeko kultura galduen handitasuna eta Europara iritsitako etorkinen nora eza erakusten dituen obra, besteak beste.
Arrasateko AED euskara-elkarteak aspaldidanik antolatzen duen sariketa hau itxuraldatu egin zen 2002an: urtero Literaturako Nobel saria irabazten duen idazlearen obra bat itzularazten da orain; dagoeneko kalean dira Imre Kertész hungariarraren Zoririk ez, Urtzi Urrutikoetxeak euskaratua, J.M. Coetzee-ren Lotsaizuna, Oskar Aranak euskaratua, Harold Pinter-en Maitalea eta beste zenbait antzerki-lan, Iñigo Errastik itzulia, Orhan Pamuk-en Elurra, Monika Etxebarriak eta Fernando Reyk itzulia, eta Doris Lessing-en Belarra kantari, Koro Navarrok itzulia.
Luis Berrizbeitia Agirre (Abadiño, 1963), poeta gisa da ezaguna: Zoperna jenerala (1987), Eremu karroinduak (1992). Administrazioan itzultzaile gisa lan egiten du, eta berak euskaratuak dira honako autoreok: Fred Uhlman, Quim Monzó, Roald Dahl, Nikos Kazantzakis.