«Postedizio lantegia» - 2020

Lantegiaz

Euskarazko itzultzaile automatikoen kalitateak nabarmen egin du hobera azken urteotan, eta, tresna berrien etorrerarekin batera, euskal itzultzaile eta zuzentzaileon lana ere aldatzen hasia da. Beste hizkuntza batzuekin lanean aritzen diren profesionalek aspaldi samarretik ezagutzen dute postedizioa zer den; gurean, ordea, gutxi dakigu oraindik jarduera berri horren inguruan.

Lantegi honetako bi saioetan, parte-hartzaileek aukera izango dute itzultzaile automatikoetara hurbiltzen hasteko. Eduki teorikoak hiru atal nagusitan banatuko ditugu:

  1. Itzulpen automatikoaren oinarriak
  2. Itzulpena, postedizioa eta zuzenketa
  3. Postediziorako gidalerro orokorrak

Eduki horiei buruzko gako gutxi batzuk emango ditugu, eta praktikari eskainiko diogu saioen zatirik handiena. Hala, irakasleek gidari-lana egingo dute batez ere, eta parte-hartzaileek euren kabuz egingo dituzte probak: zenbat aldatzen den azken testua itzulpena hutsetik eginda ala itzultzaile automatikoetatik abiatuta; zenbat laguntzen duten halako tresnek buru-nekea gutxitzen eta denbora aurrezten; zer testu motarekin funtzionatzen duten tresnek ondo eta zeinekin ez hain ondo… Ariketa bakoitzaren ostean, eztabaidarako tarteak ere izango dira, ateratako ondorioak beste parte-hartzaileekin komentatzeko.

Irakasleak

Nora Aranberri. Hizkuntza naturalaren prozesamenduari buruzko IXA ikerketa-taldeko ikertzailea da, eta UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslea. Itzulpen automatikoan aditua da, eta arlo horretan interes nagusia itzulpen-sistemetan hizkuntza-ezagutza integratzea eta hori ebaluatzea da. Itzultzaile profesionalen eta erabiltzaile ez-profesionalen erabilera du aztergai nagusi. Bere azterketa-hizkuntzen artean euskara nabarmentzen da, nahiz eta ez hori bakarrik, eta, hala, hizkuntza gutxituekin itzulpen automatikoak zer aukera dituen aztertzen du. Itzultzaile profesionalei eta ikastunei zuzenduriko post-edizioari buruzko tailer praktikoak zuzendu ditu eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin kolaboratzen du.

Uxoa Iñurrieta. Itzulpengintza eta Interpretazioa (UPV/EHU, 2012) eta Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua masterra (UPV/EHU, 2013) ikasi zituen, eta hizkuntzalaritza konputazionalaren arloan egin zuen doktoretza-tesia (UPV/EHU, 2019), IXA ikerketa-taldean. Gaur egun, euskara teknikoko eskolak ematen ditu Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta IXA taldean jarraitzen du ikertzaile; itzulpen automatikoa eta fraseologia ditu aztergai nagusi. Unibertsitatetik kanpo, itzultzaile-lanetan ere aritzen da –gaztelaniatik, frantsesetik eta ingelesetik euskarara–, eta Haur eta Gazte Literaturako lanak itzultzen ditu batez ere.

Noiz
  • Donostian: 2020ko martxoaren 24an eta 25ean
  • Bilbon: 2020ko martxoaren 31n eta apirilaren 1ean
Non
  • Donostian: Informatikako Fakultatean
  • Bilbon: Euskararen Etxean
Ordu-kopurua

Guztira, 8 ordu (2 saio)

Ordutegia

16:00 – 20:00

Prezioa
  • EIZIEko bazkideentzat: 90 euro
  • Bazkide ez direnentzat: 130 euro
Izena emateko epea

2020ko otsailaren 25tik martxoaren 6ra, biak barne

Oharrak
  • Bilboko taldean, nork bere ordenagailu eramangarria ekarri behar du.
  • Ikasle kopurua mugatua da, eta EIZIEko bazkideek izango dute lehentasuna.
  • 2020ko martxoaren 11n jakinaraziko zaie eskatzaileei onartuak izan diren edo ez.