2011ko Batzar Nagusia egin du EIZIEk Gasteizen
Lehengo larunbatean, apirilak 2, EIZIEren urteko Batzar Nagusia iragan zen Gasteizen, UPV/EHUren Elurreta eraikinean. Ekitaldian, hogei elkartekidetik gora bildu ziren. Gaur egun, 342 kide ditu elkarteak (horietatik 34 ohorezko bazkide izendatuak).
Aurreko urteko jarduerez eta aurtengorako asmoez gogoeta egin ondoren, eta iazko diru-sarrerak eta gastuak azaldurik, gaurko egoerari buruzko iruzkin bat egin zuten Zuzendaritzako kideek, nabarmenduz krisi-garaian garen arren elkarteak orain arteko jardunari eusteko ahalegina egingo duela.
Azkenik, Zuzendaritza Batzorderako hautagaitza aurkeztu zen. Aurrerantzean, zuzendaritzak kide hauek izango ditu:
- Bakartxo Arrizabalaga (lehendakaria)
- Patxi Petrirena (lehendakariordea)
- Iñigo Errasti (diruzaina)
- Jone Aldamiz-etxeberria (idazkaria)
- Miren Ibarluzea
- Aintzane Atela
- Jose Mari Navascués
Batzarraren osteko bazkarian ia hogei elkartekide batu ziren, giro ezin hobean: urteko albisteak aletu ziren; adiskideak, zahar nahiz berri, agurtu zituzten askok; hau da, solas-molas atseginean aritu ziren bazkaltiarrak.
Gosea berdindu eta gero, ibilaldi gidatu bat egin zuten elkartekideek Gasteizko Alde Zaharrean barrena: Bulleria plazan has eta Plaza Berrian buka. Tartean, Gasteizko harresi zaharrak ikusi, Errenazimentuko jauregien berri jaso, eta San Bizente elizako teilatupeko ganbera miragarria bisitatu zuten.
Horretan amaitu zen Batzar Nagusiaren eguneko jarduna.