Fernando Rey, "Euskadi" sariaren irabazle
Fernando Reyk irabazi du aurten euskarazko literatur itzulpen onenari dagokion "Euskadi" saria, Antonio Tabucchi italiarraren Sostiene Pereira (Pereirak dioenez) lanaren itzulpenagatik ( Igela , 2006). Beste hiru finalistak honakoak izan ditugu: Mirentxu Larrañaga, Josu Zabaleta eta Patxi Zubizarreta , ondoko lanen itzulpenagatik hurrenez hurren: Michael Morpurgoren Peaceful soldadua, John Allen Paulosen Zenbakirik gabe bizi: matematika-ezjakintasuna eta haren ondorioak , eta Nagib Mahfuzen Mirarien kalezuloa. Sari banaketa hurrengo abenduaren 4an izango da Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren egoitzan , Gasteizen.
Beste bitan ere finalista izana da Fernando Rey Euskadi Sarietan: 2004an, Yasar Kemalen Ararat mendiaren sumina lanarekin eta 2006an Gianni Celati italiarraren Paradisuko almanaka liburuarekin. Iaz, gainera, "Vitoria-Gasteiz saria jaso zuen, haur literaturan euskarara egindako itzulpen onenaren atalean, Agustín Fernández Paz idazle galiziarraren Piraten eskola lanaren itzulpenagatik.
Dozenatik gora literatur lan euskaratutakoa dugu Fernando Rey; era guztietako autoreen lanak gainera: Horace McCoy, Bohumil Hrabal, Natalia Ginzburg, Gianni Celati... Bestalde, saritutako Pereirak dioenez hau ez ezik, Antonio Tabucchiren beste bi lan ere baditu euskaratuak Literatura Unibertsala bildumarako Porto Pimeko dama eta Oker ttiki garrantzigabeak.
Fernando Rey, Iruñean jaio zen 1961ean. Medikuntza ikasi bazuen ere, euskara irakasle eta itzultzaile aritu izan da beti. Gaur egun, Nafarroako Aldizkari Ofizialean dihardu itzultzaile.