Hango eta hemengo hiriburuetara bidaiatuko du itzulpengintzak

2022 Apirila 20
Hango eta hemengo hiriburuetara bidaiatuko du itzulpengintzak

Donostian ez ezik, Bartzelonan, Madrilen eta Berlinen ere izango da hizpide itzulpengintza, liburuaren egunaren bueltan.


Lau itzultzaile bilduko dituzte Bartzelonako Documenta liburu-dendan, alemanetik Espainiako hizkuntzetako itzultzaileak denak ere. Idoia Santamaríak hitz egingo du euskarara itzultzeaz, apirilaren 21ean (osteguna), arratseko 19:00etan.

Karlos Cid Abasoloren poemak euskaraz eta beste hainbat hizkuntzatan errezitatuko dituzte apirilaren 26an (asteartea), 19:00etan, Madrilgo Hizkuntza Eskolan. Keinu konplizeak eta Laztanak eta aizkorak liburuetako poemak euskaraz, galegoz, katalanez, portugesez, txekieraz, nederlanderaz, gaztelaniaz, ingelesez eta ukraineraz irakurriko dituzte hizkuntza eskolako ikasleek.

«Eta Sebald Gernikatik itzuli zen» hitzaldia eskainiko dute liburuaren itzultzaile Idoia Santamaríak eta Igela argitaletxeko editore Lander Majuelok; apirilaren 27an (asteazkena) Leipzigeko Unibertsitatean, eta apirilaren 29an (ostirala), berriz, Berlingo Club der polnischen Versager-en.