Poeta eta itzultzaile euskaldunak eta katalanak XXIV. Poesia Itzulpen Mintegian
ILCk (Institució de les Lletres Catalanes), Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean, XXIV. Poesia Itzulpen Mintegia antolatu du, Farrera de Pallarseko Arte eta Natura Zentroan , azaroaren 20tik 23ra. Poeta eta itzultzaile euskaldunak eta katalanak elkartuko dira aurten: Karlos Linazasoro eta Tere Irastortza poeta euskaldunak, Francesc Parcerisas, Hilari de Cara, Marta Pérez Sierra, Míriam Cano eta Joan Navarro poeta katalanak, eta Pau Joan Hernàndez, Aritz Galarraga, Gerardo Markuleta eta Daniel Escribano itzultzaileak. Hiru egunez jardungo dute elkarrekin Farrera de Pallarsen, eta, ondoren, azaroaren 24an, eguerdiko 13:00etan, mintegiaren aukezpena eta itzulitako poemen errezitaldia eskainiko dute Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzan.