Aldi bereko interpretaziorako tresna berria

2004 Maiatza 31
Aldi bereko interpretaziorako tresna berria

Dualia enpresak aldi bereko interpretazioa goitik behera aldatuko duen zerbitzua jarri du martxan: telefono bidezko itzulpena. Aretxabaletako enpresa honek asmatutako sistema beraiek patentutako tresna batean oinarritzen da: sakelako telefonoetara konektatzen den biaurikularra.

Sakelako telefono batera konektatuta dagoen biaurikular berritzaile batez baliatzen da Dualia, 26 hizkuntza ezberdinetan ahozko komunikazioetan loturazko interpretazioa eskaintzeko. Dualiak antolatutako komunikazio-sareak IP ahotseko 60 deialdiei berehala erantzuteko gaitasuna dauka.

Zerbitzuaren lehen frogak 2003 urtearen amaieran egin ziren. Aurten, industri talde batzuk (Ulma, Fagor, Danobat) arrakasta handiz ari dira Dualiaren zerbitzuak erabiltzen. Interpretazio-mota horri esker, balio erantsia gehitzen diote euren nazioarteko komunikazioei kostu ekonomikoak murriztuz, gehienetan ez delako beharrezkoa interpretea bertan egotea.

Hizkuntza ezberdinetako hizlarien arteko komunikazioa errazteko balio duten zerbitzu horiek Bilboko BEC Nazioarteko Azokan erabiliko dira hemendik aurrera. Aretxabaletako enpresak kontratua sinatu berri du BECarekin ekainaren 7an hasiko den 23. Biurteko Makina Erremintako Azoka interpretazio zerbitzuaz hornitzeko.

Zerbitzu ugari

Dualiak, bestalde, beste mota batzuetako zerbitzuak ere eskaintzen ditu: hiruko deia, bideokonferentzia eta multikonferentzia. Epe ertainera haririk gabeko teknologiaren bidez loturazko interpretazioa ere eskeintzeko prest egongo da enpresa gazte hau.

Dualiaren zerbitzuak atzerrian interesak dauzkaten enpresetara zuzentzen dira. Bidaietan teknikoen lana erraztea eta hizkuntza ezberdinetako hizlariekin harremanak erraztea dute helburu.