Agatha Christieren beste bi eleberri euskaratuta
Euskarazko liburuen eskaintza gero eta joriagoa dela, horretaz zalantza gutxi. Alabaina, deigarria da Agatha Christie bezain idazle famatu eta arrakastatsu batek orain dela oso denbora gutxi arte hain presentzia urria izatea euskarazko liburuen artean.
Igela argitaletxeak hutsune hori betetzen joatea erabaki du. Horrela, bada, Agatha Christieren bi eleberriren itzulpenak argitaratu berri ditu: Katua usategian (Cat among the pigeons, jatorrizko bertsioan) eta Heriotza Nilo ibaian (Death on the Nile), Koro Navarro eta Xabier Aristegieta itzultzaileek euskaratuak, hurrenez hurren.
Azken bi eleberri horiekin, Igelak Christieren bost lan ipini ditu jadanik euskal irakurlearen esku: Roger Ackroyden hilketa (The murder of Roger Ackroyd), Orient Expresseko hilketa (Murder on the Orient Express) eta Eta ez zen alerik ere geratu (And then there were none).
Agatha Christieren literatura-produkzioaren zatirik handiena bere hilketa-eleberriek osatzen dute: laurogei inguru. Nahiz eta, gauza jakina denez, hilketa bat edo gehiagori buruzkoak izan, oro har ez dira istorio odoltsuak; alegia, irakurlearen zirrara ez dute xehetasun makabroen bidez bilatzen. Horren ordez, Christiek enigma bat harilkatzen du irakurlearen begien aurrean, eta hiltzailea nor den asmatzeko erronka sentiarazten dio.
Agatha Christiek antzezlanak ere idatzi zituen, horien artean famatuena The mousetrap, hamarkadak eta hamarkadak daramatzana Londresen antzeztua izaten. Horiez gain, Mary Westmacott ezizena erabiliz nobela erromantiko gutxi batzuk ere idatzi zituen.