Villon eta Calders Literatura Unibertsala bilduman. Liburuen aurkezpena

2016 Urria 17
Villon eta Calders Literatura Unibertsala bilduman. Liburuen aurkezpena

Literatura Unibertsala bildumako beste bi liburu aurkeztuko dira etzi, urriak 19, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Parte-hartzaileak: Bego Montorio (EIZIE), Jokin Azkue (Eusko Jaurlaritza), Xabier Olarra (Igela argitaletxea) eta Inazio Mujika (Erein argitaletxea).

Testamentua

Italo Sicilianok 1934an Villoni buruzko obra garrantzitsu batean dio Villon “Frantziako poeta lirikorik handiena” dela. Hori esatean, segur aski, gaurko adieran hartzen du “liriko” hitza, poeta lirikoa, gaur, bere sentimendu pertsonalak kantatzen dituena baita, poemetan bere burua, bere pena-pozak, bere pasio oldarraldiak edo bizitzak ematen dizkion etsipenak agertzen dituena. Villonek halako bizi salbuespenekoa izan ez balu, estropezuz eta erori-jaikiz betea, ez zen ezagutzen dugun poeta bihurtuko eta ez zuen gizonen oroimenean halako aztarna sakona utziko. Obra osoa du Villonek bere bizitzako abenturez eta desbenturez betea, noiz ageri-agerian aipatzen dituela, noiz hitz erdiz eta alusio belatuen bidez. Villonen obran lirismoa eta arrunkeria, Ama Birjinarekiko eraspena eta amodioa, fede sakona eta ezmoraltasun gordina nahasten dira; ahaltsuei oldartzen zaie, miseria-lagunekiko samurtasuna adierazten du eta, aldian aldian, malenkoniatsu eta isekari, gozo eta mendekari ere agertzen da.

Hemen du atseden Nevaresek

Hilerria okupatzeko deia egiten duen txabola auzoko buruzagi zapuztua, ihesi doakion biziari esku eskuinaz ozta heltzen dion bulegari koitadua, bere lorategian agertu den esku ebakiaren jabearen bila dabilen etxejabe aberatsa, bere marrazkiekin herritarren debozioa pizten duen orratzain gutxietsia, familiaren borondatearen kontra ilargirako bidaia prestatzen diharduen senar goranahia… Horiek eta horrelakoak dira, besteak beste, ipuinotako protagonistak: onberak, fidakorrak, etsi onekoak, erdipurdikoak gehienak; bizimodu arrunteko jende arrunta, halako batean egunerokotasunaren arruntasuna urratzen duen gertaera ezohiko edo ustekabekoren bati aurre egin beharrean suertatzen dena. Eta horiek eta horrelakoak ipuin antologia honetako istorioak, errealitateari ertz berriak ateratzen dizkioten kontakizunak, umore eta ironiaz albainduak, muturrekoak, muturreko egoeran ezagutzen baita ondoen giza izatearen muina.