«Itzultzailea eta terminologia aurrez aurre» - 2017

«Itzultzailea eta terminologia aurrez aurre» ikastaroa antolatu zuen EIZIEk azaroaren 29an eta 30ean, Donostiako Informatika Fakultatean (EHU). Lehen saioan, Aritz Irurtzun irakaslearekin jardun zuten ikasleek, eta, bigarrenean, Alfontso Mujika irakaslearekin.

termi2.JPG

Lehen saioa: Kontzeptuei forma ematen: bide onak, txarrak eta negargarriren bat

Itzulpengintza eta terminologiaren bi oinarrizko arazo izan genituen aztergai batik bat. Alde batetik, oro har, tipo gramatikal desberdinetakoak izaten ditugu jatorri- eta xede-hizkuntzak: gaztelania, frantsesa eta ingelesa (esaterako) sintaktikoki sintagmen buruak haien osagarrien aurretik jartzen dituzten hizkuntzak dira, eta euskara, berriz, osagarri-buru hurrenkerakoa. Horrek, betiko itzulpen-arazo ezagunez gain (atzerakarga-eta), bestelako arazoak ere sortzen ditu terminologiaren esparruan; izan ere, euskara bezala buru-azkenak diren hizkuntzetan eratorpen aurrizkien gabezia izaten da. Ondorioz, zailtasunak izaten ditugu jatorrizko hizkuntzako termino aurrizkidunak euskarara ekartzerakoan. Horrela, bada, euskarak bere-bereak dituen estrategia lexikogenetiko batzuk gainbegiratu genituen (hitz-elkarketa eta atzizkibidea), eta aurrizkien arazoari zein irtenbide proposa lekiokeen ere eztabaidatu genuen. Saioa teoriko-praktikoa eta dinamikoa izan zen, eta eztabaida interesgarriak ere ekarri zituen berekin.

Bigarren saioa: Itzultzailea terminologiaren amildegiaren ertzean dantzan

Itzultzaileok terminologiaren mundura hurbiltzeko saio bat izan zen. Euskarazko terminologiaren paisaia eratzen duten gune nagusiak ikusi genituen hasieran, bai eta bakoitzaren esparruak eta norainokoak ere. Gero, itzultzaileok terminologian egiten ditugun sartu-irtenak nolakoak izaten diren aztertu genituen, eta horretarako erabiltzen ditugun iturri eta baliabideetan barrena ibili ginen.

termi1.jpg

Une batez, gure historia hurbilari ere so egin genion: azken 30 urteetan izan diren zenbait gorabehera eta arazotxo adibidetzat harturik, euskarazko terminologiak egin duen bidea ikusi genuen. Hala, iragan hurbiletik orainera iritsi ginen, eta Hiztegi Batuak, lehen, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak, orain, terminologiarekin izan duten eta duten harremanaz ohartu ginen. Saioaren azken partean, itzultzaileok terminologoen tokian jarri ginen: Terminologia Batzordeko kide bihurturik, zenbait adibide erreal aztertu genituen, arazoak detektatu eta irtenbideak proposatu genituen. Ariketa horrek aukera eman zigun ohartzeko alderdi ugari hartu behar dugula kontuan termino egoki bat plazaratuko badugu.