Literaturia 2020
EIZIErentzat ere ezohikoa izan zen topagune bihurtu zitzaigun irailaren 26ko asteburua, Zarautzen. Urteroko itzulpen-tailerrik gabe, herritarren eskutik mosaiko eleanitzik osatu gabe ere, itzulpengintza eta elkartea bera inoiz baino presenteago egon ziren egitarauan.
Izan ere, Literaturiak EIZIE omendu zuen azokaren irekiera-ekitaldian: Mila Garmendia bulegariak eta Bego Montorio kideak pozik jaso zuten oroigarria elkartearen izenean. Ate bat opari, itzulpenaren giltza eskuan duenari.
Mahai-ingurua
Segidan, Itzulpengiltza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko mahai-ingurua izan genuen Modelo aretoan. Itziar Diez de Ultzurrun lehendakariak hizketagaia jarrita, solasean aritu ziren Isabel Etxeberria, Idoia Santamaria eta Beñat Sarasola. Itzulpenaren giltzak ekarri digunaz, irekitzeko dauzkagun ateez... Hausnarrerako eta eztabaidarako hari-mutur ugari utzi zizkiguten. Erlo Telebistak grabatu zuen saio osoa.
Testu grabatuak
Urteroko tailerraren ordez, dei egin genien itzulpenetan arituei, adituei, zaletuei eta aritzeko gogoa zuen edonori atzerriko hizkuntzaren bateko literatur testu baten atal bat itzul zezaten (0-150 hitz), eta itzulpena ahoz gora irakurri eta graba zezaten, gero grabazio horiek, besteekin batera, 2020ko Literaturia girotzen laguntzeko.
- Ateak, Josefina Pla (Itzul.: Ibai Sarasua)
- Ateak - Espèces d'espaces, Georges Perec (Itzul.: Asier Sarasola)
- Enkantea, Cormac McCarthy (Itzul.: Juan Mari Mendizabal)
- Sufestak, Cormac McCarthy (Itzul.: Juan Mari Mendizabal)
- Les mots pour dire, Marie Cardinal (Itzul.: Idoia Gorrotxategi)
- Atea, Paul Engle (Itzul.: Ane Garcia)
- Maitasunaren itzala, Mehmet Uzun (Itzul.: Amaia Orbe)
- Monique Gadant (Itzul.: Eneritz Odriozola)
- Anne Seidel (Itzul.: Garazi Ugalde)
- It Hurts To Love, Susan Sontag (Itzul.: Amaia Apalauza)
2020-09-28