Omenaldia EIZIEri Literaturian

literaturia3_2020.jpg

2020an, Literaturiak EIZIE omendu zuen azokaren irekiera-ekitaldian: Mila Garmendia eta Bego Montorio EIZIEkideek izan zuten oroigarria jaso eta Literaturiako taldeari eskerrak emateko ohorea, bideo honetan ikus daitekeen bezala. Pozik jaso zuten Manu Urbieta pintore eta eskultorearen oroigarria, Ibai Sarasuaren eskutik.

Amagoia Gurrutxaga kazetariak ere jaso zituen Garmendiaren eta Montorioren hitzak, Berriaren biharamuneko alean:

«Eskerrak karpari!»
Eguerdian puntuan, EIZIEri, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteari, aitortza eginez ireki zuten azoka, ofizialki. Jaialdiaren lelo nagusiari –Atea: hitza da giltza– aipamen eginez hartu zuen oroigarria Mila Garmendiak: «EIZIEko giltza nire etxeko giltzen artean bizi da, eta Arantzazu lankideak eta biok egunero zabaltzen ditugu EIZIEko ateak. Hori da elkartearen ideia, hain zuzen ere: ateak zabal-zabalik izatea denontzako».

Bego Montoriok, ondoren, eskerrak eman zizkion Literaturiari, itzulpengintzari «betidanik» egin dion tokiagatik; itzulpengintzak euskal literaturari egin dion ekarpenean «arreta jartzeagatik»; eta «itzulpenak herritarrengana hel daitezen» egin duen ahaleginagatik. «Itzultzaileok beti sentitu izan gara eroso hemen, eta horren adibide da 2015az geroztik EIZIEk eta Literaturiak antolatu dugun itzulpen tailerra».

2020-09-29