«Udaberri kantoi-hautsia» Eguzkitekan - 2019

Uztailaren 10ean, Mario Benedettiren Udaberri kantoi-hautsia liburuaren aurkezpena eta irakurraldia egin genuen Eguzkitekan, Donostia Kulturak udan Kontxako hondartzan atontzen duen liburutegian.

Literatura Unibertsala bildumako 175. liburua da Benedettirena, Aiora Jakak itzulia. Itzultzaileak berak aurkeztu zigun liburua, Mila Garmendiak bildumaren ibilbidea kontatu eta gero. Jakak liburuaren gaia, egitura eta pertsonaien berri eman zigun, bai eta itzulpen prozesuaren berri ere.

 

eguzkiteka_2019.jpg
Ezkerretik eskuinera: Edurne Aldasoro, Mila Garmendia, Aiora Jaka, Josu Zabaleta eta Joannes Jauregi

Ondoren, mahaiaren bueltan zirenek, liburuko bost pertsonaien pasarte bana irakurtzeari ekin zioten. Joannes Jauregi hasi zen, Santiagoren rola hartuta; ondoren, Aiora Jakak berak irakurri zuen beste pasarte bat, Santiagoren lagun Rolandorena; Gero, Mila Garmendiak Beatrizena irakurri zuen, Santiagoren alabarena; atzetik, Edurne Aldasorok eman zion ahotsa Gracielari, Santiagoren emazteari; amaitzeko, Josu Zabaletak Don Rafaelena egin zuen, Santiagoren aitarena.

Udaberri kantoi-hautsia

Uruguai, 1973ko estatu-kolpearen ondorengo diktadura militarra. Santiago kartzelan dago, eta haren familia, berriz, Mexikon erbesteratua. Nork bere ikuspuntutik, eta nork bere tonu eta estilo berezia erabiliz, bost pertsonaia nagusiek beren esperientzien berri ematen dute, beren kezkak, beldurrak eta desirak azalduz elkarri. Injustizia, zapalkuntza, borroka, militantzia, espetxealdia, tortura, maitasuna, fideltasuna, traizioa… behin eta berriro agertzen dira pertsonaien ahotan, orain tonu serio nahiz poetikoan kontatuak, orain umore, ironia edo sarkasmo handiz azalduak, baina betiere Benedettik berezko duen humanismo eta samurtasunaz zipriztinduak. Eleberri honek erbestezko negu luze baten ondorengo udaberriaren etorrera ospatzen du, baina udaberri horrek hautsia du kantoi bat, eta pertsonaiek bertan islatzen den errealitate berrira egokitzen ikasi beharko dute.

Aiora Jakaren artikulua Senez aldizkarian

Senez 49. zenbakirako, «Benedetti euskaraz» artikulua idatzi zuen Jakak, itzulpena egitean sortu zaizkion zailtasun eta buruhausteen inguruko hausnarketa eginez.

2019-07-11